Moyuako iturria beltzez tindatu dute Frackingaren teknikak gaitzesteko

uriola.eus 2015ko mai. 22a, 10:07

Frackingaren teknikak Euskal Herrian izan dezakeen ondorioetako bat irudikatu nahi izan zuten Frackingaren kontrako ekintzaileek atzo Moyua plazako iturriko ura "kutsatuz". Txipiroi tinta erabiliz burutu zuten protesta ekimena.

Ekintzaileen arabera herritarrek argi utzi dute "behin eta berriro" ez dutela Frackingik nahi, "ez orain eta ez inon, ez hemen, ez inon", eta atzoko ekintzarekin EAJk proposatutako bost urtetako moratoria salatu nahi izan zuten: "Argi utzi du Jaurlaritzak ez dituela baimenak bertan behera utziko, ez eta proiektu berriak abiatzeko azterketak etengo. Hortaz, hauteskunde garaian egindako aurpegi zuritzea baino ez dela deritzogu. Oso larria iruditzen zaigu, herritarrontzat ondorio benetan larriak izan ditzakeen gai batekin hoztasun honekin jolastea".

Frackingaren behin betiko debekua aldarrikatu zuten ekintzaileek, eta Katalunia jarri zuten adibidetzat. "Ez dugu moratoriarik behar, betirako debekua baizik. Posible da dauzkagun eskumenen bitartez lortzea, inongo epaitegirik bertan behera utz ez dezan. Hor dugu Kataluniako adibidea. Borondate politikoa da beharrezkoa den bakarra".

Euskal Herriak "behar duen trantsizio energetiko burujabearen kontra" egiten du Frackingak ekintzaileen aburuz, "erregai fosilak eredu energetikoaren oinarrian mantenduz, energia berriztagarri eta berdeen aldeko apustua egin ordez. Horregatik berriro diogu, Frackingak ura kutsatu eta natura suntsitzen du. Ez dugu sasi-irtenbiderik nahi, ez gaitzatela engainatu".

Ekonomikoki ere ez da errentagarria Frackinga, "zulo bat baino ez da". AEBetako datuak dira horren adierazgarri, hamar baino gehiago dira "Frackingaren alde egiteagatik hondamendira joan diren enpresak". Gainera, errentagarritasun faltak, "izugarrizko diru kantitate publikoak bideratzera daramatza gobernuak, baita Eusko Jaurlaritza ere", ekintzaileen esanetan.