6. barrutiko hauteskundetako emaitzak

uriola.eus 2015ko mai. 26a, 08:13

PPk izan du boto galera handiena Abandok eta Indautxuk osatzen duten 6. barrutian, ia 2.000 boto gutxiago jaso ditu. Batik bat, Indautxu auzoan egin dute behera popularrek. Auzo horretan Ciudadanos alderdia indartsu agertu da 689 boto eskuratuz.

2011ko udal hauteskundetako datuekin alderatuta, 6. barrutian PPk osotara 1.987 boto galdu ditu, 961 boto Abandon eta 1.026 Indautxun. Hala ere, barrutian bigarren indarra izaten jarraitzen du.

EAJ da nagusi 6. barrutian, baina jeltzaleek ere behera egin dute, hain zuzen ere, 1.835 babes gutxiago eskuratu dituzte; hurrenez hurren 972 gutxiago Abandon eta 863 gutxiago Indautxun.

EH Bildu eta PSE izan dira hiritarren babesari eusten ondoen jakin dutenak, jaitsiera txikia izan dute biek; koalizio abertzaleak 205 boto galdu ditu eta alderdi sozialistak 265.

Ezkerreko botoak UdalBerri eta Ganemos plataforma berriek eskuratu dituzte; bien arteko lehian UdalBerri gailendu da. Nabarmentzekoak dira UdalBerriren 800 botoak Abandon eta 722 botoak Indautxun.

Eskuineko botoak, aldiz, Ciudadanos alderdiak poltsikoratu ditu, 6. barrutian guztira 1.140 boto, horietatik 689 Indautxu auzoan.

 

* EH Bilduk helarazitako datuak, Bilboko hautes-mahaietan jasotako akten araberakoak, eta Espainiako gobernuak argitaratutako datuekin alderatutakoak.