Guztira, Euskaltelen ia bi heren jarri dituzte salgai gaur egungo jabeek. Hain zuzen ere, akzioen %63,55 atera dituzte merkatura. Euskalteleko zuzendaritza karguek akzioen %1 izango dituzte, eta langileek, hasiera batean, %0,3. Zuzendariei bonusak banatzen dizkieten bitartean, "langileoi miseria" banatzen dietela gaitzetsi dute beharginek 11:00etan burutu duten ekintzarekin.
Jose Maria Olabarri kalean, burtsaren aurrez aurre, bonusen banaketa "lotsagarritzat" jo dute ELA sindikatuko kideek. "Herriarena zena gaurtik aurrera espekulatzaileen esku" geratuko dela adierazi dute. "Euskaltel herriarentzat! Pribatizaziorik ez! Herritarroi lapurretarik ez!" oihukatu dute 50 bat lagunek.
Ertzaintzak zaindutako eraikina izan da gaur goizean Bilboko burtsaren eraikina, eta jendearen sartu-irtena bermatzeko protestaldia metro batzuk mugitu behar izan dute ABAO-OLBEren egoitza aurrera.
LAB: "Euskaltelen operazioarekin egin den negozioa eskandalagarria da"
"Konpainiaren kudeatzaileek pribatizazioari esker 50 milioi euro boltsikoratu dituzte akzioen %70 kapital finantzieroari saldu eta gero. Euskaltel inbertitzaile pribatuen esku uztea posible egiteagatik emandako 'opari' hau akzio bilakatzeak, Gasteizko Jaurlaritzak eskatu bezala, ez dio operazioari ilegitimitatea kentzen".
Operazio hau posible egin duten alderdi politikoak seinalatu ditu LABek: EAJ, PSE eta PP. "Horrela egitea erabaki dute bai Euskaltelen zein Kutxabanken. Hauek dira ekonomikoki zein sozialki justifika ezin daitezkeen erabaki hauen arduradunak, erabaki hauek espekulatzaileen onura besterik ez dakarte".
Burtsara ateratzearekin publikoa izan den enpresa baten "atzeraezintasuna hasten da", eta aurrerantzean, "merkatu finantzieroen bazka izango da inbertsore pribatuen errentagarritasunaren mesedetan". LABen ustez izaera publikoari eutsi beharko lioke Euskaltelek. "Gure sare produktiborako enpresa garrantzitsua izan beharko litzateke, eta publikoa izan beharko litzateke guztiok bere zerbitzuen onuradunak izan gaitezen, eta ez gutxi batzuk bakarrik".
Enpresa eta zerbitzu publikoen pribatizazioak "espekulatzaileen eta kudeatzaileen negozioak dira, hartzen dituzten erabakietatik aberasten direnenak", LABek gaurko egunean esan duenez.