Asteleheneroko presoen eskubideen defentsa oztopatzea leporatu diote Ertzaintzari

uriola.eus 2015ko ira. 15a, 08:45

Argazkia: @EnekoAnder

Atzoko kontzentrazioan Ertzaintzaren "bultzadak, kolpeak, identifikazioak eta sei paletaren lapurreta" salatu dute Indautxuko auzotarrek. 

"Azken 20 urteetako astelehen guztietan bezala", hainbat lagun bildu ziren atzo Indautxun "euskal errepresaliatu politikoen eskubideen alde eta haien etxeratzea aldarrikatzeko". Gutxi gorabehera, 40 lagun.

Kontzentrazioa hasi bezain laster, ertzain bi hurbildu ziren "modu erasokorrean", auzotarrek azaldu dutenez. "Presoen paletak" begiratu ostean, irratiaren bidez, paletetan agertzen ziren auzoko presoen datuak emateari ekin zioten. Izen-abizenak, espetxeetako helbideak eta senide zein lagunek bisitak egiteko egin behar dituzten kilometroak. Ondoren, kontzentrazioa egiteko baimena eskatu zieten, "beste zortzi ertzainek kontzentrazioa inguratzen zuten bitartean". Orduan hasi ziren "bultzadak eta kolpeak". Auzotarrek salatu dutenez, adin nagusiko preso politiko baten ama ere bultzatu zuten. 

Guztira, elkarretaratzean parte hartzen ari ziren sei pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak, eta "paletak lapurtu zituzten", gaineratu dute. Auzotarrek ez dute ulertzen poliziaren jarrera: "Hamar ertzain egon ziren 45 minutuz astelehenero egiten den 30 minutuko kontzentrazioa oztopatzen". 

Komunikatu batean Indautxuko auzotarrek Ertzaintzaren jarrera "bortitza eta harroputza" gaitzetsi dute: "Elkartasunaren kontrako eraso argia izan den ekintza honek ez du gure konpromisoa geldituko, eta astelehenero jarraituko dugu euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen defentsan". 

 

Kontzentrazio "berezia"

Atzo gertatuaren harira, kontzentrazio "berezi bat" deitu dute datorren astelehenean, hilak 21, 20:00etatik 20:30etara 'Elkartasuna ez da delitua' lelopean Kirruli elkarteko txokoan.