Gaixo dauden presoak etxeratzea exijitzen jarraitzen dute 'Etxera-Guneko' hirugarren egunean

uriola.eus 2015ko urr. 22a, 11:04

Gaurko egunerako ere, egitarau oparoa prestatu dute 'Etxera-Gunean'. Besteak beste, elkarretaratzeak, musika zein propaganda banaketa egongo dira. Arratsaldean, Aiora eta Piti, Zea Mays taldeko lagunak bertaratuko dira Plaza Biribilera euren babesa agertzera. 

Astearte eguerdian ireki zituen ateak 'Etxera-Guneak' Plaza Biribilean eta ostiralera bitartean, urriak 23, "mobilizazio iraunkorra" egiten ari dira. Larriki gaixo dauden presoen oinarrizko eskubideen urraketa "sistematikoa" dela salatzeko gunea da hau, "gaixorik dauden presoak etxera ekartzeko denok dugula giltza" adierazteko gunea.

Egunero ekintza ugari burutzen ari dira bertan. Gaur, urriak 22, osteguna, 12:00etatik 13:00etara, elkarretaratzea egongo da; ondoren, 13:00ean, eragileekin bilera eta argazkia; 14:00etatik 17:30etara, agitazioa eta propaganda; 17:30etatik aurrera Burdin Hariak (Elkartasun Brigada Poetikoa); 18:15ean Konpromiso Keinuen baitan, Ikasle Mugimenduko Amaia eta Xabi kantuan arituko dira; eta bukatzeko, 19:00etatik 20:00etara, kontzentrazioa eta Aiora eta Piti Zea Mays taldekideen babes keinua. 

Ibon Iparragirren osasuna okerrera

Larriki gaixo dauden hamaika euskal preso politikoen artean dago Ibon Iparragirre. Asteartean, bere anaiak, Jon Kirru Iparragirrek eman zion irekiera gune honi, larri gaixo dauden presoen auzia "agenda politikoaren erdigunean" ezartzea exijituz. Izan ere, Ibonen egoerak okerreragin du nabarmen. HIES gaitza dauka, "C estadioan, azken estadioan", eta horrek hainbat patologioa eragin dizkio. Egunetik egunera ikusmena galtzen ari da eta, horrez gain, atake epileptikoak dauzka. Hiru eguneko bidaiak, asteartean Bilbon izandako epaiketara joateko, gerrian eta lepoan min handiak sortu dizkio. Astelehenean Txagorritxuko ospitalean artatu zuten Ibon eta medikuek senideei jakinarazi zietenez, "baliteke hezur-muinean lesioa izatea".

Manifestazioa ostiralean

Urriaren 23an, ostiralean, Etxera-Gunearen azken egunean, alegia, herrialdeko manifestazio egingo dute Bilbon, Plaza Biribiletik abiatuta 19:30ean.

#presogaixoaketxera

#EtxeraGunea

[2015-10-19] Plaza Biribila 'Etxera-Gunea' izango da hiru egunez

[2015-10-20] Larriki gaixo dauden presoen auzia agenda politikoaren erdigunean jarri nahi du 'Etxera-Guneak'