Ibon Iparragirre gaixotasun larria eta sendaezina duen euskal preso politiko ondarrutarra urriaren 20an epaituko dute Bilbon. Iparragirre Euskal Herriko kartzela batean dagoen arren, "legez kalean egon beharko zela" exijitzeko manifestazioa egin zuten atzo -urriak 18- Ondarroan. Aske ez dagoenez, askatu bitartean, "bere herritik gertuen dagoen kartzelan egon beharko zela" aldarrikatu zuten ehunka lagunek Iparra Galdu Baik plataformaren deiari erantzunez.
Modu berean, bihar, urriak 20, epaiketa gauzatzen den bitartean, 10:00etatik 12:00ak arte kontzentrazioa deitu du plataformak epaitegiaren aurrean. "Berandu baino lehen Ibon eta gaixo dauden beste hamar preso politikoak etxean behar ditugulako".
Ez da Ibon Iparragirre preso gaixo bakarra. Txus Martin Hego Uribeko presoa, Joxemi Etxeandia larrabetzuarra edota Gorka Fraile Durangoko presoa ere gaixo daude. Horregatik joan den larunbatean, euren senitarteko eta lagunek plazaratu zuten "Ibon bera, zein gaixorik dauden gainontzeko euskal preso guztiak etxeratzeko aldarria".
Etxera-Gunea
Bide horretan, aste honetan Bilboko Plaza Biribilean, 'Gaixorik dauden presoak etxera ekartzeko denok dugu giltza' lelopean, hainbat eragile zein norbanakoen konpromisoa irudikatzeko gune izango den Etxera-Gunea antolatu dute.
Etxera-Gunea espazio fisikoa izango da. Bertan, planteamendu zabal baten baitan, egunez egun, pertsona desberdinen parte-hartzea bultzatuta, hainbat ekimen garatuko dira gaixo dauden presoen aldeko konpromiso ahalik eta gehien gehitzeko helburuarekin. "Etxera-Gunea, hainbeste maite ditugun preso horien aldeko herri ekimena da; modu iraunkorrean gure konpromisoa eta gure ahalegin zintzoa lau haizetara zabaltzeko espazio fisikoa, alegia".
Horrela, Etxera-Gunea urriaren 20an abiatuko da eta urriaren 23ra bitarte iraungo du. Egunero elkartuko dira bertan, goizeko 12:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte. Beraz, gaixorik dauden presoen askatasuna exijitzeko "mobilizazio iraunkorrerako dei zabala egiten dugu bertotik; Etxera-Guneak iraungo duen egun bakoitzean zortzi orduko ekimen jarraituan parte hartzera dei egiten dugu, denok batera lortuko dugulako Plaza Biribila Etxera-Gune bihurtzea".
Giltza
Etxera-gunearen elementu zentrala giltza izango da. "Gaixo dauden presoak etxera ekartzeko giltza denok dugulako, norbanakoek zein modu kolektiboan gaixo dauden presoak behingoz Euskal Herriratzeko konpromisoak ezinbesteko direlako askatasun giltzez josiko dugu Bilboko erdi gunea. Denok daukagu giltza, guztiok gara giltza".
Egun osoan, ekimen ezberdinak egongo dira. Hitzaldiak, musika, olerki emanaldiak, zuzeneko elkarrizketak, tailerrak… aldarria modu parte-hartzailean plazaratzeko tresna proposatuko dute Etxera-Gunean. Horrekin batera, egunero, ildo mobilizatzaileak bere lekua izango du Etxera-Guneak iraungo duen bitartean, egunero, 12:00etatik 13:00ak arte, eta 19:00etatik 20:00ak arteko kontzentrazioak burutuko dira bertan.
Eta urriaren 23an, ostiralean, Etxera-Gunearen azken egunean, alegia, herrialdeko manifestazio deitu dute Bilbon, Plaza Biribiletik abiatuta 19:30ean.