Murrizketen aurkako hileta irudikatu dute Sabin Etxean

uriola.eus 2015ko urr. 29a, 08:10

Gaur goizean, gizarte laguntzen murrizketak pairatu dituzten familia eta norbanakoak Sabin Etxearen aurrean elkartu dira Lanbidek ezarritako murrizketa politikak salatzeko. Bertan, "gizarte laguntzen" hileta antzeztu dute. 

Protestan salatu dutenez, egungo egoera "ez da kasualitatea"; Iñigo Urkullu Lehendakariak gobernu batzordean onartutako aurrekontuak "ez baitu isladatzen milaka familiek bizi duten errealitate soziala". Gauzak horrela, krisi ekonomikoa hasi zenetik EAEn pobreziak %42 egin duela gora azaldu dute eta euskal gizartearen %45,3ak, ia milioi bat pertsonak, zailtazunak dituztela hile amaierara heltzeko. Hori gutxi balitz, 360.000 pertsona inguruk era bateko edo besteko pobrezia pairatzen dutela diote, gizarte osoaren %18,6a. 

Murrizketen aurrean, ehorzle jantzia eta Urkullu Lehendakariaren zein Angel Toña, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko kontseilariaren karetak zeramatzaten zenbait lagunek, lurrean zeuden beste batzuk "lurperatu" dituzte "gizarte laguntzen hileta" irudikatuz.

Bestalde, gaurko mobilizazioan gaitzetsi nahi izan dute, "aurrekontu baxuegia" bideratzen dela larrialdiko gizarte laguntzetara eta beraz, beste urte batez, udaran agortuko direla udalerri guztietan diru partida horiek.