'Huelvako II espetxean jazarpenik ez! Fiñu etxera' lelopean argitaratu dute gutuna. Idazkiari dagokionez, Huelva IIko Euskal Preso Politikoek azkenaldian senide eta lagunak pairatzen ari diren jazarpenak salatu nahi izan dituzte, Fiñu Indautxuko euskal presoaren kasuaren berri emanez. Iker Olabarrieta Colorado, Fiñu, 1.000 kilometrora dago kartzelaratua. Dispertsioaz gain, "etengabeko arauen gogortzea" ari da jasaten.
Huelva IIko euskal presoek gutunean salatu dutenez, "preso politiko izaeragatik soilik pairatzen dituzten jazarpenak gutxi ez eta ohikoak diren bisita eta dei kopuru mugari, solasaldien grabaketei eta gutunen esku hartzeei, arau eta kontrol berriak gehitu zaizkie; ziegen etengabeko miaketak, arropa kopuru mugatua izatearen araua eta ausazkoak ziren aurre-aurrekoen aitzakiapean egindako miaketak eguneroko ogi bilakatu dira".
Bestalde, lehengo abenduan Fiñuren senideek jasandako egoeraren berri eman dute. Izan ere, abenduan izan zuten bisitaren bukaeran, "kartzelako funtzionarioek 40 minutu luzez gela txiki batean atxiki zituzten". Ondorioz, Fiñuren arreba ika-mika batean sartu zen funtzionario batekin eta espedientea irekitzeaz gain, sei hilabetez bisita eta aurre-aurrekoak izateko debekua ezarri diote.
Kirruli Kultur Elkarteak jazarpena salatzera animatu du jendea, kultur elkartean dagoen gutuna sinatzeko deia luzatuz.