Hasier Arraiz: "Independentismotik eskubide zibil gutxiago ditugu"

uriola.eus 2016ko ots. 17a, 13:00

Sorturen Kontseilu Nazionaleko ordezkaritza zabal batek Albiako Lorategietan egindako elkarretaratzearekin babesa helarazten ziola deklaratu du gaur goizean Hasier Arraizek, Sortuko presidenteak, EAEko Auzitegi Nagusian. Terrorismoa goratzea leporatzen diote eta epaitegitik ateratzean "estatu demokratiko bat ezin dela adierazpen askatasunaren beldur izan" adierazi du. 

2014ko urtarrilean Euskal Preso Politikoen kolektiboko zenbait kide atxilotu zituezten Xake operazioaren baitan; urtebete geroago Guardia Zibilak Herrirako lau kide eta beste hamabi abokatu atxilotu zituen Mate operazioan. 2015eko urtarrilean, Mate operazioaren harira Hasier Arraizek, prentsaurrekoan adierazi zuen: "Guardia Zibilari xake-mate egiteko unea da". Esaldi horregatik egozten diote terrorismoa goratzea. 

Goizeko 9:30etan zuen hitzordua auzitegian eta bertan, fiskalaren eta defentsaren galderei erantzun die, baina ez akusazio partikularrei eta Estatuaren abokatuari. Orain, auziarekin aurrera egin edo ez erabaki beharko du auzitegiak. 

Arraizek, epaitegitik ateratzerakoan gogora ekarri du hirugarren aldia dela adierazpenegatik auzipetzen dutela eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarria zabaldu du: "Estatu demokratiko bat ezin da adierazpen askatasunaren beldur izan"; "honek berandu baino lehen bukatu behar du. Hori da gaur esatera etorri naizena auzitegira".