Fiskaltzak Indautxuko “solidarien” aurkako akusazioa bertan behera utzi du

uriola.eus 2016ko aza. 8a, 12:04

2015ean euskal presoen aldeko mobilizazio batean identifikatutako hiru lagun Auzitegi Nazionalean epaitu dituzte gaur goizean. Fiskaltzak bertan behera utzi du terrorismoaren goratze akusazioa eta beraz, hirurak absolbituak izan dira.

2015eko irailaren 14an, Ertzaintza astelehenero Kirruliren txokoan egiten den presoen eskubideen aldeko mobilizaziora hurbildu zen "bertan zeudenen aurka oldartuz". Auzoko presoen irudiek terrorismoari gorazarre egiten zietela argudiatu eta zazpi pertsona identifikatu zituzten. Bertan zeuden 40 lagunen arabera, "bultzaka eta irainduz" ibili ziren ertzainak.

Gaurko egunean, zazpi identifikatuetatik hiru Auzitegi Nazionalean epaituak izan dira terrorismoa goratzea egotzita. 10:00etan pasatu dira epailearen aurretik eta Fiskaltzak terrorismoaren goratze akusazioa bertan behera utzi du. Beraz, absolbituak izan dira hiru indautxuarrak eta Bilborako bidea hartu dute.

"Elkartasuna erakusten jarraituko dugu"

Epaiketaren aurrean Solidarioak Libre plataformatik argi utzi zuen "elkartasuna ez dela delitua" eta haien senide eta lagunek "preso jarraitu bitartean, eskubide urraketak salatzen zein haiekiko maitasuna adierazten" jarraituko dutela. 

Ondorioz, azaroaren 4ean, "bidegabea" den egoera salatzeko, elkarretaratzea egin zuten Indautxuko plazan.