Animaliak ez dira latorrizkoak lelopean egingo dute manifestazioa bihar animaliak erabitzen dituzten ikuskizunak salatzeko. Ekimena arratsaldeko 19:00etan hasiko da Moyua plazan eta Arriaga antzokian irakurriko duten manifestuarekin amaituko da. Piztiak-eko konpartsakide batek URIOLAri informatu dionez, oraindik Bilbon animaliak "objektu bezala" erabiltzen dituen "hiru ekintza nagusik jazotzen jarraitzen dute": zezenketak, Vista Alegre zezen plazan; Circo Mundiala, Etxebarria parkean, Aste Nagusian; eta arrantza askola, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak eta Bizkaiko Arrantza Federazioak antolatuta. Gainera, Circo Mundialean tigreak, elefanteak, zaldiak, krokodiloak, txakurrak eta hegaztiak erabili izan dituztela gehitu du taldekideak. Umeei zuzendutako arrantza eskolan arrainak harrapatu ondoren berriro ere itsasadarrera bueltatu arren, horietako asko "amuak eragindako zauriak eta baraila apurketa dela medio hiltzen dira" kritikatu du.
Sentsibilizazio kanpaina
Konpartsak aurreko astelehenean ipini zuen martxan sentsibilizazio kanpaina Bilboko metroan. Konpartsakideak informatu duenez, guztira, 10 bideo eta 30 kartel jarri dituzte "Bilboko geltoki guztietan eta inguruko herri handienetan". Kanpainak bi aste iraungo ditu eta ez du Udalaren diru-laguntzarik jaso.
Bi sinadura bilketa
Piztiak konpartsak duela bi aste hasi zuen nosondehojalata.org webgunean sinadura bilketa, animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunen abolizioa eskatzeko. Ez da abiatzen den lehenengoa, urte hasieran Udalberri udal taldeak proposatuta, Bilboko Udalak animalien erabilera ikuskizunetan debekatzeko sinadura bilketa hasi zuten change.org orrialdean. Eskaerak 4.000 sinaduratik gora bildu zituen. EAJ-PSE-Ek osatutako udal gobernuak Udalberrik proposatutako legeari zenbait zuzenketa egin zizkion: animalien erabilera debekatu ordez, horiek erabiltzen dituzten taldeei kontrol batzuk pasatu beharreko baldintza. Hori dela eta, "sinaketa bilketarekin jarraitzeak ez zuen zentzurik, Udalak animalien erabilera legitimatu egiten zuelako" azaldu du. PACMAk eta EH Bilduk, Udalberrirekin batera, babesa agertu diote larunbateko manifestazioari.
[2017-02-13] Bilbon animalia gabeko zirkuaren aldeko sinadura bilketa abiatu du Piztiak konpartsak