Aske geratu da 'Pipe' San Epifaneo indautxutarra

uriola.eus 2017ko uzt. 14a, 10:17

'Pipe' erdian, 'Euskal presoak Euskal Herrira' banderola eskuan duela (Argazkia: Mikel Ruiz)

Herrera de la Manchako kartzelatik irten da gaur goizean 23 urte preso eman ostean Felipe San Epifaneo Pipe. 

Hainbat senide eta lagun zain izan ditu  gaur goizean Manzanaresen (Ciudad Real) Felipe San Epifaneo Pipe indautxutarrak espetxe atarian. Guztira, 60 bat pertsona. Ikurrina, nafar bandera eta 'Euskal presoak Euskal Herrira' banderola, txalo eta oihu artean egin diote harrera. Aurreskua ere dantzatu diote. 

Felipe San Epifaneo Pipe ukabila altxatuta irten da Herrera de la Manchako kartzelatik, 23 urte preso eman ostean. 80-90eko hamarkadan HBko kidea, Mahai Nazionaleko kidea eta Gasteizen legebiltzarkidea izan zen. Bartzelonan atxilotu ostean, ETAkide gisa hainbat hilketa egitea leporatuta, 250 urteko zigorra betetzera zigortu zuten 1994an. Aurreko Zigor Kodearen arabera, zigorra beteta aske geratu da gaur.

 

Indautxun harrera

Bere auzoan, Indautxun, harrera egingo diote auzotarrek 20:00etan Kirruli elkartearen parean.