Ricardo Barkala, Bilboko Udalaren Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzia, eta Gotzone Zaldunbide, Bilboko Udalaren Herritarren Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotzia, Abando-Indautxu barrutiko udaltegia handitzeko proiektuaren berri emateko agerraldia egin dute. "Azpiegitura berri eta modernoa egitea da kontua", orain arte egon denaren ordez abian jartzeko.
Orain dagoen eraikinaren bolumena hustu eta horren gainean eraikiko dute bolumen berria eta orain arteko azalera erabilgarriaren halako bi izango ditu. Obrak egin bitartean Barrainkuako zerbitzu guztiak Elcano kaleko 20 eta 22ko beheko solairuko lokal batean egongo dira.
Berrikuntzak
Udal-ordezkarien arabera, eraikin berria "modernoagoa, funtzionalagoa, efizienteagoa eta irisgarriagoa izango da". Kristalezko fatxada izango du, beira praktikagarrizko plakaz egindakoa. Praktikagarria izango da zabaltzeko mugimendua izan dezakeelako. Eguzkiaren argia iragazteko inguru guztiak metalezko estaldura izango du. Fatxada nagusia ez da leuna izango.
Solairuek azalera ezberdina izango dute eta irtenguneak izango dituzte kaleko fatxadetan, eskailera-mailak bailiran. Fatxada nagusia lehengoratuko da eta gorde egingo da, sarbidea izateko. Zutabe estali bereziek eutsiko diote lehengo fatxada horri. Lehengo fatxadaren eta eraikin berriaren fatxadaren artean korridore bat egongo da eta horrela udaltegirako sarbidean egoteko lekua izango da. Batez ere, areto nagusirako eta erakusketa-gelarako sarbide eta egoteko lekua ere izango da. Horrela ez da jende-pilaketarik gertatuko Barrainkuako espaloian. Eguzkitik eta euritik babestuta egongo da alde hori, 4. solairuko irtenguneari esker, berau beste solairuetakoa baino luzeagoa delako. Irtengune horrek estalkiaren funtzioa egingo du zentzu horretan. Metalezko pertsiana batek itxiko du espazio hori guztia.
Solairuen arabera, eraikin berriak banaketa hau izango du:
Sotoa: 116 metro karratuko areto nagusia egongo da bertan eta 100 pertsonarentzako lekua izango du, aldagelak eta guzti hornituta. Erabilera askotarako gela, erakusketa-gela ere izango dena, 102 metro karratukoa, altuera bitan egina, beheko solairuko zati bat hartuko du-eta. Korridoreak, sarbideak, komunak, eraikinaren gainerako solairuekiko lotura bertikala igogailu baten bidez eta eskailera bi, solairuko alde banatan, ebakuazio-arloko arautegia betetzeko.
Beheko solairua: espazio libre handi garden bat, atondoa eta eraikinaren gainerako lekuetarako sarbidea izango dena. Erabilera askotako gela, erakusketa-gela ere den horren bigarren altuerako lekua ere hemen egongo da. Herritarrei arreta emateko bulegoak, jendeari arreta egiteko hiru lanposturekin eta atezain birekin. Erabilera askotako gela eta erakusketa-gela denak oraingo eraikinaren beiratea izango du sabai. Beiratea piezaz pieza desmuntatuko da, berritzeko eta eraikin berriko obretan atzera ere instalatzeko.
1. solairua: umeentzat pentsatuta, diseinatuta eta egokituta. Bertan bulegoak, komunak eta umeentzako jarduerak egiteko beharrezko guztiak bertan kokatzeko premiazko lekuak izango ditu. Komunikaziogunea ere bertan izango da. Hori solairu guztientzat izango da.
2. solairua: alde bitan banatuta egongo da. Uharte-patioaren aldean lau bulego egongo dira. Blas de Otero fundazioaren egoitza ere solairu honetan kokatzea aurreikusita dago.
3. solairua: Barrainkua kalerantz batzar-gela eta gimnasio bat, gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako komunak dituena. Gainerako azaleran bulegoak eta bilera-gelak egongo dira, arteko horma mugikorrekin, erabilera asko egin ahal izateko.
4. solairua: El Sitio elkartea, tailerrak egiteko lokala eta erabilera askotarako gelak.
5. solairua: aurrealdea tailerrak egiteko lokalek okupatuko dute eta atzealdea erabilera askotako lokalek. Horietan ikasketa-gelak jarri ahalko dira.
6. solairua: eraikinaren funtzionamendu egokirako beharrezko instalazioak bertan kokatuko dira.
Erabilera askotarako den erakusketa-gelak eta areto nagusiak sarbide propioa izango dute Barrainkua kaletik; horrela, barrutiko udaltegiaren gainerakoa itxita egon arren, horiek erabili ahalko dira.
Lanak 2017aren amaieran hasiko dira 3.153.378 euroko aurrekontuaz eta 13 hilabeteko aurreikusitako gauzatze-aldia izango du.
Udaltegi zaharra
Eraikina 1898koa da eta udal garbitegia izateko diseinatu zuten. Hortik dator, diseinuaz gain, beiratean uraren aipamena egitea. Erdisotoa, beheko solairua eta lehenengo solairua ditu. Hiri Antolaketarako Plan Orokorrak ezarritako lerrokaduratik kanpo dago egun. Hori dela-eta, eraikin mugakideen altuera izango duen eraikina altxatuko dute.