Calixto Diez plaza berritu eta handituko dute

uriola.eus 2019ko urt. 15a, 09:55

Bilboko Udalak berrantolatu egingo du Calixto Díez, Labayru eta Gordoniz kaleen arteko eremua, Autonomia kalearekin bat egiten duen lekuan, eta 2.300 metro koadroko plaza bat sortuko du hala, oraingo 1.000 metro koadrokoaren aldean.

Plaza berria Errekalde eta Indautxuren artean egongo da, San Frantzisko Xabier plazaren aurrean. Hainbat espazio batuz sortuko da gune hori, eta Gordoniz kalearen ondoko plazatxoak eta Calixto Díez kaleari dagokion tarteak eratuko dute, zeina, finean, orain dagoen gasolindegira sartzeko eta Gordoniz eta Autonomiara irteteko bide bat baita.

Bertan dagoen plaza, lorategidun eta zuhaizdun parterrez inguratua guztiz zabalduko da. Gaur egun, hiru lekutatik dauka sarrera, inguratzen duten hiru kaleetako bakoitzetik bana, eta bat egiten dute Plaza berrian. Gasolindegia kendu egingo da eta plaza eraikinetara helduko da.

Beste jarduera osagarri batzuk ere egingo dira, hala nola Gordonizko oinezkoentzako pasabide berriak. Halaber, espazio guztian zoladura berria ipiniko da, plataforma bakarrean, Calixto Díezeko 1etik 7ra arteko zenbakietako fatxadatik hasi eta Gordoniz kaleraino, lehendik atarien aurrean dauden zuhaitzen lerroa bertan utziz eta zerrenda zabal bat eratuz fatxadaren aurrean, terrazetarako eta oinezkoak igarotzeko adinakoa. Parterre berriak ipiniko dira, lehendik dauden zuhaitzetako batzuk utziz, eta beste batzuk ere landatuko dira. Parterre horien ondoan, jarleku-unitate berriak ipiniko dira.

Gainera, Labayru kalean eragingo zaion tarteak erabilera konpartitua izango du. Zabalagotu egingo da espaloia, eta bidea jaso egingo da espaloiaren mailaraino, oinezkoentzako pasabide jaso banarekin. Gordoniz kalean, berriz, plaza berriarekin lotzeko oinezkoentzako bi pasabide berri ezarriko dira, eta Autonomiarekiko loturan dagoena aldatu egingo da, eta, hartara, lehendik dauden semaforoak ere lekuz aldatuko dira. Obrak datozen egunotan lizitatuko dira. Sei hilabetean gauzatzeko izango dira, eta 880.000 euroko aurrekontua izango dute.