Peruko gizartearen eta politikaren egoera feminismotik. Peruko egoera ezagutarazteko hitzaldia egin da gaur goizean Indautxun

uriola.eus 2023ko ira. 29a, 15:57

Argazkia: RTVE

Manuela Ramos gizarte mugimendu feministako Mariana Mangini izan da Silken Hoteleko hitzaldian, InterRed giza eskubideen defentsaren aldeko euskal ordezkaritzarekin lankidetzan.

InterRed erakundeko Euskal Herriko ordezkaritzak, Manuela Ramos erakundeako Mariana Mangini gonbidatu du Peruko egoeraren berri emateko. Erakunde hauen arteko lankidetzak indarkeria matxistaren borroka globalari ekarpena egitea du helburu, eta, horretarako, hainbat ekintza antolatzen dituzte Euskal Herrian zein Punon, bi herrialdeetako emakume politikariak ahalduntzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak edota jazarpen politikoa ikusarazteko neurriak ezarriz.

Jazarpen giroan

Gaurko hitzaldian Manginik egun Perun dagoen tentsio egoera plazaratu du, naiz eta emakumezko mandatari bat izan (Dina Boluarte), emakumeen presentzia, bai gizartean zein politikan oso apala dela. Manuela Ramos erakundeak emakume hauen alde borrokan daramatza jada 45 urte, bizitza publikoan dagokien tokia izan dezaten. Peruko errepresio politikoaren aurrean (Puno hirian hildakoak ere utzi dituena), Manginik belaunaldi berriak militantzian presente egotea beharrezkoa dela azpimarratu du, politika zein gizarte arloetan aurrera egiteko. Izan ere egun Peruko testuingurua ez da xamurra: errepresio politikoaz gain komunikabideen pasibotasuna eta egungo mandatariarekiko mespretxua dira nagusi.

Hezkuntza: tresna eraldatzaile eta iraultzailea

Manuela Ramos mugimenduak, testuinguru honetan demokrazia eta feminismoaren aldeko hautua hartu du, “haien gorputza borrokaren alde” jarriz. Emakumeen aurkako eraso zein hilketak zigortzea sistema geldo baten eskuetan dago, eta gizarte eraldaketa sakon bat beharrezkoa da, eraso hauek zigortu, eta sustraietatik mozteko. Honetarako hezkuntza iruditzen zaie tresna egokiena; hezkuntza eraldatzaile, inklusibo eta kalitatezko bat bultzatzen dute, justizia soziala, genero berdintasuna, interkulturatasuna eta ingurumenarekiko erantzukizuna izango dituen gizarte baterantz pausoak emateko.