Emisio gutxiko eremua guztiz indarrean jarriko dau gaurtik aurrera uriko erdialdean, Abando eta Indautxuko barrutien inguruan. Ekainaren 15ean jarri zen indarrean araudia, hartara egokitzeko hiru hilabeteko epearekin, zeinetan araua hausten zuten autoen jabeek ez zuten isunik jasoko. Atzo amaitu zen egokitzeko epea, beraz, Bilbo erdialdera sartzen diren auto kutsatzaileek isuna jasoko dute gaurtik aurrera.
A motako eta etiketa gabeko ibilgailueri eragiten die neurri honek; B motakoei urtebete luzatu zaie epea, 2025eko ekainera arte, eta 0. Eco eta C ibilgailuek ez dute eragozpenik izango erdialdera sartzeko. Astelehenetik ostiralera 07:00etatik 20:00etara egongo da indarrean araudia, Udalak seinalatutako eremuan. Zenbait kasutan salbuespenak egingo dira araudian, ibiltzeko arazoak dituzten pertsonentzako ibilgailuen, ibilgailu historikoen, ziklomotorren eta larrialdietarako ibilgailuen kasuetan, besteak beste, baita araututako eremuan bizi direnen autoen kasuan ere.
Hainbat plataforma, eragile eta herritarrek neurriari buruzko kritikak plazaratu dituzte azken hilabeteotan; Sukar Horiak, esate baterako, ingurumenarekiko eragina murrizteko orduan neurri honen eraginkortasuna eta hiriguneetan autoek duten eragina (izan galtzadetan, emisioetan zein hirigintza bera zehazteko garaian) jarri ditu mahai gainean, neurriak kutsu klasista bat ere duela azalduta. Emisio gutxiko eremuaren alternatiba gisa badira proposatzen dituzten zenbait neurri, zinezko emisio gutxiko eremu baten alde egiteko; “garraio publikoa indartzea, autoei lekua kentzea bizikleta eta oinezkoentzako eremuak handituta, eta kotxeen sarbidea beharraren arabera mugatzea (bizilagunak, mugikortasun arazoak dituen jendea…), eta ez kotxe-gidariaren gaitasun ekonomikoaren arabera”.