Itxaropen gutxi Esperantzan

BERTON aldizkaria 2014ko mar. 12a, 09:49
Ekaina baino lehen itxiko dute behin betiko Esperantza frontoia. Bere lekua Alde Zaharreko metro geltokia handitzeko baliatuko dute. Izan ere, geltoki horretara lotzekoak dira eraikitzen ari diren metroko 3. linea eta aireporturako trenbidea.

Bilboko eskupilota eskola bakarrak Esperantza frontoian du egoitza. Bilbotarrak Bilbao-Pilota Kirol Elkartea da bera, 1986. urtean sortua. Baina ez da erabiltzaile bakarra. Frontenis talde batek eta Betikoak izeneko beteranoen eskupilota taldeak ere etxetzat dute frontoia. Denak penatuta daude. Penatuta eta datorkienagatik kezkatuta. Batik bat, eskupilota eskolako lagunak. Ekaina baino lehen suertatu zaie bi hilabete Esperantzatik kanpo ematea -Begoñako igogailuko harri bat jausi eta konponketa lanak egiteko ingurua itxi zutenean-. Luze egin zaien epe horretan Bilboko frontoi publikoak ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, Txurdinaga, La Peña eta San Inaziokoak. Hainbat arrazoigatik, horietako batek ere ez du balio ekainetik aurrera taldearen egoitza izateko.

Hasteko, Txurdinagako kiroldegiko frontoiak itxita topatu zituzten. Gorka Ruiz taldeko presidentearen arabera “haizeak teilatu guztiak apurtu zituen eta bost frontoiak itxita daude harrezkero”. Begoñako igogailuko konpontze lanak atzeratzen ari zirela eta, La Peñako frontoian probatu zuten. Frontoi irekia da, hotza. Euria ari duenean busti egiten dena. Haur eta Kadete mailako Oier entrenatzailearen iritziz “kristoren txapuza da”. San Inazioko kiroldegikoak balio du taldearentzat, baina entrenamenduetarako soilik, partidak jokatzeko ez, beste talde batzuen lehentasunagatik. Eta Errekalden ezezkoa eman zieten, “pala taldeak daudelako”.

Aukera gabe geratzean, Miribillako frontoi berrira jo zuen Gorka presidenteak Bizkaia frontoian entrenatu eta jokatzeko eskaria egitera. “Euskal Herriko frontoi onena da”, bere aburuz. Baina Bizkaiko Pilota Federazioko arduradunak “ezetz eta ezetz” erantzun zion. Pilotari profesionalek eta telebistako teknikariek “ez dute ez egun ez ordu finkorik”. Ordainduz gero, bai, posible da Bizkaia frontoia erabiltzea eta horrek amorratzen du Gorka Ruiz presidentea. “Bizkaitar guztiok ordaindutakoa da eta gurea bezalako eskolarentzat ez dago ordurik, baina alokairua ordainduz gero bai, erabiltzeko aukera dugu”.

Entrenatu eta jokatzeko leku egoki gabe alternatiba gabe sentitzen dira. “Eskupilotan egiteko frontoi on bat nahi dugu, duina, baina Bilbon ez dago. Udal kiroldegi guztietan egon gara eta denak txarto daude. Aukera bakarrak Esperantza eta Bizkaia dira, gainontzekoak ez daude prestatuta eskupilotarako”, dio Oierrek. Espazio gabe hurrengo urtean talde moduan “desagertzeko” arriskua dute. “Jokalari askok taldea utziko dute gustura entrenatzeko lekurik ez badago, logikoa da”.

Sei eta 34 urte bitarteko 50 bat pilotarik osatzen dute taldea. Tartean, ume asko dituzte, Alde Zaharrean edota inguruan bizi direnak, eta entrenamenduetara joan-etorria bakarrik egiten dutenak. San Inaziora edota Txurdinagara, berriz, bakarrik ez lirateke joango, eta hori arazoa litzateke hainbat gurasorentzat.

Nagusiagoa da Beñat, 12 urteko pilotari santutxuarra. Bospasei urte daramatza taldean eta Esperantzako frontoia ez luke beste bategatik aldatuko. “Ondo dago, azkar ohitzen zara bertara. Ospa egitean faltan izango dugu”, dio tristetuta. Alde Zaharreko auzotarrak ere berdintsu daude, triste espazio publiko garrantzitsuaren galeragatik. Pilotan egiteko ez ezik erabilera ugari izan dituen espazio babestua baita Esperantza. “Bai ala bai” frontoia mantentzearen aldekoa da Bihotzean auzo elkartea. Baina garraio proiektu handiek uda baino lehen Esperantza irentsiko dutela dirudi. Egun, frontoiko horman idatzita dauden Gabriel Arestiren hitzek inoiz baino gaurkotasun gehiago dute: “Askaotik Sendejara Bilbaon Esperantza oso mehar, ilun eta laburra da”.

Ez dute ez itxaropena galdu nahi Bilbotarrak Bilbao-Pilota Kirol Elkarteko lagunek, nahiz Esperantza galduta duten. Erakundeek ezezkoa baino ematen ez dietela eta, euren kabuz ekin diote frontoi bilaketari. Txurdinagako Artabe ikastetxekoa begiz jo dute, baina behin behineko aukera bat baino ez litzateke, frontis txikia baitu eta pilotari nagusientzat ez baitu balio. Beraz, ekainera bitartean bila jarraituko dute, itxaropen berri baten bila.