Iñigo Cabacasen heriotzaren bigarren urteurrenaren atarian, Euskal Herriko errepresioaren historia aztergai

uriola.eus 2014ko mar. 19a, 13:34

Iñigo Gogoan Herri Ekimenak hainbat ekintza antolatu ditu Iñigo Cabacasen heriotzaren bigarren urtemugaren harira. Atzo Amparo Lasherasek eta Iñaki Egañak Euskal Herriko errepresioaren historia aztergai izan zuten Hika Ateneoan eta ostegunean, Iñigoren izena hartuko duen plaza aurkeztuko dute Basaurin.

Bi urte beteko dira Iñigo Cabacas gaztea Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuela. Athletic eta Shalke 04 taldeen arteko futbol partidaren ostean zauritu zuten 28 urteko gaztea, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan, eta lau egun geroago, apirilaren 9an, zendu zen Basurtuko ospitalean.

Cabacasen senide eta lagunek justizia eskatzen jarraitzeko asmoa dutela argitu zuten martxoaren 14ean prentsarekin egindako gosarian, eta bigarren urteurreneko egitasmoak aurkeztu zituzten.

Atzo, Iñaki Egaña historialari eta idazleak eta Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko kideak Euskal Herriko errepresioaren gaineko solasaldia eskaini behar zuten Hika Ateneoan, baina Txaskok ezin izan zuen bertaratu, eta Amparo Lasheras gizarte laguntzaile eta kazetariak hartu zion lekukoa. Jendetza gerturatu zen solasaldira eta jorratutako gaien artean, Euskal Herrian indarrean dagoen polizia eredua eta honen jokabidea kritikatu zuten. Gainera Egañak gehitu zuen “Euskal Herrian 130 pertsonatik bat polizia” dela.

Atzokoaz gain, beste hainbat hitrzordu antolatu dituzte. Ostegunean, martxoak 20, 20:00etan, Iñigo Cabacasen izena hartuko duen plaza aurkeztuko dute Basaurin; apirilaren 2an, eredu politikoaren inguruko mahai ingurua egongo da; eta apirilaren 5ean, 13:00etan ekitaldia egingo diote Kirruli kultur elkartearen aurreko plazan; eta 18:00etan, manifestazioa abiatuko da Fermin Muguruza, Jare taldea eta bertsolari ezberdinekin.