Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek eman eta lau egunetara. Apirilaren 5eko gauerdiaren inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buru hezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran eta aireztapen mekanikoarekin egon zen, apirilaren 9 arte; orduan, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten.
Beste behin, Cabacasen senide eta lagunek justizia aldarrikatzen jarraitzeko asmoa dutela argitu dute “euren eskubidea” delako. Jone Goirizelaia abokatuak gehitu du, benetan gertatutakoa jakiteko “transparentziaren beharra” dagoela. Defentsa froga berriekin lanean dagoela azaldu du eta beraz, beste deklarazio batzuk eskatzeko eta inputazio berriak (aginte maila askotako pertsonak) mahaigaineratzeko aukera dagoela adierazi die kazetariei.
Era berean, defentsak Europara eraman nahi du bere aldarria. Aditu ezberdinekin harremanetan egon ondoren, Nazio Batuen Erakundeko kontalariarengana joko duela aurreratu du, “poliziaren gehiegikeria azter dezaten”.
Bukatzeko, bigarren urteurrenerako prestatu dituzten ekintzen berri eman dute. Martxoaren 18an, asteartea, 19:00etan, Euskal Herriko errepresioa aztergai izango duen solasaldia eskainiko dute Iñaki Egañak eta Andoni Txaskok Hika Ateneoan; martxoaren 20an, 20:00etan, Iñigoren izena hartuko duen plaza aurkeztuko dute; apirilaren 2an, eredu politikoaren inguruko mahai ingurua egongo da; eta apirilaren 5ean, 13:00etan ekitaldia egingo diote eta 18:00etan, manifestazioa abiatuko da Fermin Muguruza, Jare taldea eta bertsolari ezberdinekin.