- 35/02 Makro-prozesu honetan, “Herriko Tabernen” auzian, datuak dira, ezer baino lehen, adierazgarriak: hamabi urte luzeko instrukzioa, 2002 urtetik gaur artekoa; 41 auzipetu zuzen gehi 110 zeharka, Herriko Taberna guztietatik bana; 85.700 orrialdetako sumario idatzia; 26 abokatu defentsan; 5 hilabeteko bista auzian... eta hori guztia erabakitzeko 3 epaile, "Audiencia Nacional" deitutako 2. Zigor-gelakoak.
- Fiskaltzak karguetan eta zigor eskarietan agertu duen noraeza da bigarren elementua: hasieran, ETAko partaide izatea gehi ETA diruz hornitzea ziren karguak; amaieran, aldiz, Herri Batasunako partaide izatea, batetik, eta Herrikoen auto-finantziazioa, bestetik. Amaierako “kargu” hauek ez daude kode penalean, eta hala ere, Fiskaltzak kartzela eskariak jaitsi bai, baina kartzela eskatzen jarraitzen du, horretarako oinarri penala galduta izan arren.
- Sumarioaren bista luzean, azken bost hilabeteotan, nabarmendu den lehen gauza zera izan da: 2002 urrun hartatik, instrukzioa egundoko disparatea izan dela. Baltasar Garzon epaileak burutu zuen instrukzioa, eta lehen unetik eman zion traza ez zetorrela ikerketa juridikoa egitera, jazarpen politiko zorrotza egitera baizik. Izan ere, Kode Penaleko 129 artikuluaz baliatu zen, enpresa iruzurretarako erabiltzen dena, nori eta ezker abertzaleari ezartzeko, ondorio zabal, sakon eta erabatekoak lortu asmoz. Edozein modutan eta preziotan nahi zuen ezker abertzalea desagerrarazi. Egoitzak itxi, aktibitate guztiak debekatu..hortik hasi zen, eta segidan pertsonan auzipetzeko zerrenda luzea egin.
- Behin legez kanporatzea eta ezker abertzalearen aktibitateen debekua lortuta, galdu zuen sumario honek hasieran zeukan interesa, eta hor gelditu zen lozorroan, hamabi urte luzez. Baina hara non berriro ere berpiztu egin den ezker abertzalea, eta gainera iniziatiba hartu duen, bake eta elkarbizitzarako prozesuabultzatuz. Orduan atera izan du Estatuak berriz ere 35/02 makro-sumarioa mahai gainera.
- Egoera, jakina, oso desberdina da gaur 2002 urte hartatik, baina gaur ere badute interes zehatza, epaitegiak erabili eta, berriro ere, ezker abertzalea desagerrarazten. Horretara berpiztu dute “Herriko Tabernen auzia”.
- Nolanahi ere, anakronismo guztiak begi bistan gelditu dira bost hilabeteotan. Peritu polizia andana luzea epaitegira agertuta ere, ezin izan dute auzipetu bakar baten aurkako kargu penalik justifikatu. Orduan hasi dira joko malabarak. Orduan aldatua dituzte karguak eta “Herri Batasunako partaide izana” asmatu, edo “auto-finantziazioa”.
- Sententziaren zain gelditu da auzia. Hiru hilabetean emango dutela iragarri da. Kontua da bi elementu kontrajarri dituztela eskuartean: zigortu nahia, batetik, eta bestetik, bistan zehar nabarmen agertu dela motibazio penalik ez dagoela.
- Gauzak horrela: zer egin behar dugu herritarrok? Batez ere, jakin zer den benetan epaian dagoena: bake eta elkarbizitza demokratikoa lortzeko prozesua. Horixe da benetan trabatu nahi dutena, eta helburu horretan, tresna hutsak dira Audiencia Nacional hura zein enparauak. Hori da benetako auzia, eta horretan herritarrok izango gara irabazle.
Karmelo LANDA, 35/02 sumarioan auzipetua