Terrazek geroz eta espazio gehiago erabiltzen zutela eta, kexu ziren Plaza Barriko auzotarrak. "Monumento multzo" izendapena duen plaza "kaosa" izan da bizilagun eta erabiltzaile askorentzat. Oinezkoei "lekua kentzen dietelako" eta atarietan sartu-irtenak egitea "oztopatzen dietelako", Bihotzean elkartearen esanetan. Kexak Plaza Barrira soilik mugatzen ez diren arren -Jardines eta Maria Muñoz kaleetan eta Santiago plazan ere izan baitira kexak-, bertan ahaleginduko dira lehenik arazoari irtenbidea ematen.
Hainbat alditan bildu ostean, lau protagonistek bat egin dute: udal ordezkari, merkatari, ostalari eta auzotarrek. Denen artean terrazak ezartzeko modulu sistema bat adostu dute. Horrela, Plaza Barriko 18 tabernek espazio mugatua izango dute, zoruan adierazia, lau mahai eta 16 aulkirentzako beste. Eta azalera handiko tabernek, gehienez, bi moduluko eremua okupatu ahal izango dute.
Araudiak terrazen estetikari ere eragingo dio sonbrilla edo eguzkitakoak bateratzeko konpromisoa hartu baitute tabernek. Eta aurrerago altzaritegi bera konpartituko dute.
Epe laburrean aldaketa gutxi aurreikusten da, araudia 2015eko urtarrilera arte ez baita indarrean sartuko.