Bilboko Pilota Eskolek I. Jaialdia ospatuko dute larunbatean

uriola.eus 2014ko mai. 29a, 14:28

Gaur goizean aurkeztu du Udalak larunbatean Esperantza frontoian ospatuko den Pilota Eskolen I. Jaialdia.

Larunbatean, maiatzak 31, Esperantzako frontoian ospatuko den Pilota Eskolen I. Jaialdia aurkeztu dute gaur goizean. Egitasmoaren helburu nagusia umeak euskal pilotara hurbiltzea da eta joan den 2013ko irailean Bilboko Udaleko Euskera, Gazteria eta Kirol Sailak eta Bizkaiko Pilota Federakuntzak martxan jarri zuten Bilbao Pilota 2020 programaren baitan kokatzen da.

Bestetik, autokritikari bidea emanez, Sabi Anuzita Kirol zinegotziak gaineratu du, Bilboko Udalak pilotari horrelako jaialdia zor diola hainbat urtez Bizkaiko Pilota Federazioarekin batera arestian Bilboko Pilota Eskola zena ez sustatzeagatik.

Jaialdiak, kurtso honetan Txurdinaga, San Inazio eta La Peñako kiroldegietan sortutako hiru pilota eskoletako ikasleak batuko ditu, baita Esperantzako Bilbotarrak taldeko, Urrentxindorra Ikastolako, Cervantes Ikastetxeko eta Elejabarri Ikastetxeko pilotariak ere. Guztira, jaialdiak 6 eta 14 urte bitarteko 60-70 ume jasoko dituela aurreikusi du. 

Programa zabala

Bilboko Pilota Eskolen lehenengo jai honek hainbat ekintza eta tailerretan parte hartzeko aukera eskainiko die umeei. Hona hemen egitaraua:

11.00etan: Harrera eta kamiseten banaketa
11.15ean: Piloten tailerra eta eskupilota jolasak
12.15ean: Zesta-punta erakustaldia
12.30ean: Zesta-punta jolasak
13.15ean: Orla banaketa eta argazki ofiziala
13.30ean: Agurra