Pribatizazioaren aurka mobilizatu dira Euskotreneko langileak

uriola.eus 2014ko eka. 25a, 10:25

Tren mantenimendua pribatizatzeko Euskotrenek hartutako erabakiak "langilego propio bitartezko tren mantenimenduarekin amaituko du epeka", enpresako Batzorde Iraunkorraren arabera. Pribatizazio neurri horien aurka, Batzorde Iraunkorrak deituta prostestaldia burutu dute hainbat langilek gaur goizean Atxuriko geltoki aurrean.

 

Enpresaren zuzendaritza eta CAFek sinatutako kontratu berriek 2020ra bitarteko luzamendua dakarte, balizko luzamenduak barne, eta horrek Euskotreneko Batzorde Iraunkorraren esanetan "enplegu publikoaren desagerpena ekarriko du".

Bi tailerren sorrera -Abadiño eta Irun- eta unitate berrien erosketarekin, "dena diru publikoz egina", unitate berrion mantenimendua "CAFen esku uzten du". CAFek Euskotrenen "tailerrak erabilita" eta "langilego propioa bazterrean utzita".

Euskotrenek mantenimendua jorratzeko "trebatutako langile taldea du" eta, Batzorde Iraunkorraren aburuz, erabakiak baliabide publikoak "xahutuko ditu", izan ere beste enpresa baten bitartez egingo den mantenimendua "ez da doakoa".

Horregatik guztiagatik, Batzorde Iraunkorrak "bete gabe dauden egiturazko plazak betetzeko" exijitzen du, eta mantenimendua "Euskotrenen langileek egin dezatela" eskatzen du.

Mobilizazioak

Gaurkoaz gain, Batzorde Iraunkorrak mobilizazio gehiago ere deitu ditu hurrengo hileetan:
- Uztailaren 9an, Atxurin, 16:30ean
- Irailaren 3an, Amaran, 10:00etan
- Irailaren 17an, Atxurin, 16:30ean