Aste Nagusiko Hiri Krosa abuztuaren 22an izango da

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Konpartsak 2014ko uzt. 10a, 09:09

Urtero legez, Hiri Krosa antolatu dute Bilboko Konpartsek Aste Nagusiko egitarauaren baitan. Aurtengo hitzordua abuztuaren 22an izango da.


Dagoeneko, 2014ko Aste Nagusiko zenbait hitzordu ezagutzen ari gara. Esaterako, gaur jakinarazi dute Hiri krosa abuztuaren 22an izango dela.

Guztira 5 lasterketa egingo dira. Lehenengoa pre benjamin, benjamin eta alebinena izango da (650 metro), hau da, 2002 eta 2007 urte bitartean jaiotako korrikalariena. 250 dortsal egongo dira; neskak 17:00etan aterako dira Areatzatik eta mutilak 17:15ean.

Ondoren, haur, kadete eta gazteen txanda izango da (1,5 kilometro); 1997 eta 2001 urte bitartean jaiotakoena. 150 dorsalek osatuko duten martxan, neskak 17:30ean abiatuko dira Areatzatik eta mutilak, 17:45ean.

Hirugarren lasterketa 18:00etan izango da (3 kilometro), gurpil-aulkidunena hain zuzen ere, eta 15 dortsal egongo dira. Jarraian, txupete eta txikiek, 2008 eta geroko urteetan jaiotakoek, 400 metro egingo dituzte korrika. Guztira 300 dorsal egongo dira; nesken irteera 18:20ean izango da Areatzan eta mutilena, 18:30ean.

Bukatzeko, 1200 senior eta beteranok 6 kilometroko lasterketa egingo dute. 1996 eta aurreko urteetan jaiotakoen martxa mistoa izango da eta 18:45ean emango zaio hasiera.

Aste Nagusiko Hiri Krosean parte hartzeko izena eman ahalko da uztailaren 15etik aurrera. Parte hartzea doakoa da.