Debekuen gainetik atzo amaiera eman zieten Bilbo Zaharreko jaiei

uriola.eus 2014ko uzt. 28a, 09:50

Herri bazkaria bertan behera utzi ondoren, auzoak gainontzeko ekitaldiei eutsi die, eta atzo igande borobilarekin amaiera eman zioten jaiei.

Atzo puzgarriak, paella eta tortilla txapelketak, eta herri karaokea ospatu zituzten eta 22:00etan amaiera eman zieten Bilbo Zaharreko jaiei. Larunbatean Auzitegi Nazionaletik jaso zuten debekuaren ondoren, hiriburuko auzo zaharrenak aurrera jarraitu du jaietako egitarauarekin, eta aldez aurretik antolatutako gainontzeko ekimenak ederto bete ditu.

Debekua

Larunbatean, Auzitegi Nazionaletik etorritako debekuaren aurrean Bilbo Zaharreko auzokideek auzoko jaien baitan aurreikusita zuten herri bazkaria bertan behera uztea erabaki zuten. Eloy Velasco epaileak bazkari herrikoia debekatu zuen eta prozesatzeko bi auto aurkeztu zituen terrorismoa goratzea, kideei fideltasuna agertzea, militante berriak biltzea eta aukera politikoaz mozorratutako delitu-bidearekin jarraitzea egotzita. Egun berean, bizilagunak auzoko plazan elkartu ziren euren "haserrea" adierazteko, jai giro irekian ospatu behar zen bazkari herrikoia debekatzeak "ez duela zentzurik" adierazteko. "Ez dugu ulertzen Madrilgo epaile batek auzoko herritar eta taldeen babesa duen ekimen bat zergatik debekatu behar duen, auzo langile eta solidarioa gara, aisialdiko ekimen anitzak antolatzen ditugunak auzoan bizilagunak eta bisitarientzako", gehitu dute. Halaber, inguru hurbileko presoen aldeko elkartasun keinuak ezin direla "ez zentsuratu ez debekatu" aditzera eman dute.

Bilbon ezezik, Nafarroako Viana, Antzin, Bakaiku eta Gares udalerrietan ere debekatu dira presoen aldeko bazkari herrikoiak. 

 

[2014/07/25] Bilbo Zaharreko bazkariaren debekua konponbideari eraso egiteko beste ahalegin bat da

[2014/07/24] Bilbo Zaharreko jaiek "nortasun eta xarma berezia dute"