Bilboren zazpi mendeko bilakaera ezagutaraziko dute bisita gidatuen bidez arkitekto bizkaitarrek

uriola.eus 2014ko ira. 8a, 13:26

Zazpi Kaleetako sortzezko hiribildutik, hiria Indautxurantz zabaldu zuen bigarren zabalguneraino. Arkitektura Ibilbideak proiektua osatzen duten bost bideek hiriaren bilakaera errepasatuko dute gaurtik irailaren 26ra arte.

Ondorengo hiru asteetan, BIAk bost ibilbide proposatu ditu, bat lanegun bakoitzeko. Lehenengoak, ‘Areatzatik Atxurira’, Zazpi Kaleak izango ditu ardatz, inguru horretan sortu baitzuen hiria Diego Lopez Harokok 1.300. urtean, itsasadarra hortik bokaleraino nabigagarria zela aprobetxatuz. Gaurko ibilbidean parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte, harresien barruan hiriak Zazpi Kaleetan barna emandako lehendabiziko pausoak. Abiapuntua Naxako geltoki zaharra izango da, behin-behinekoz berregokituko baita BIA Urban Regeneration Forum-aren lehen edizio honetarako.
 
Astearteetan, San Antongo zubitik abiatuta, bisitaldiek hiriaren lehenengo zabalkuntza arakatuko dute itsasadarrari jarraiki, izan ere, XVIII. mendeaz geroztik, eraikinak harresietatik irten eta Plaza Barriraino eta San Nikolaseraino hedatu baitziren. Asteazkenetan, hirugarren ibilbidea EHAEOaren Bizkaiko ordezkaritzatik (Mazarredo Etorbidea, 69) irtengo da, Bilborentzat hil ala bizikoak izan diren itsasadarraren bi aldeen arteko zubiak aztertu eta hiriko fatxada desberdinak erakusteko asmoz.
 
Ostegunetan (EHAEOaren Bizkaiko egoitzatik irtenda), 1876az geroztik Abandoko elizatearen zati bat hartu eta egungo arteria nagusia, Kale Nagusia, sortzea erraztu zuen lehen zabalkundea aztertuko da. Azkenik, ostiraletan, ibilbideek mende hasierako jauregiak atzean utzi eta hiria Indautxuraino hedarazi zuen bigarren zabalkundeko eraikinei emango diete protagonismo osoa.

Bisitaldiak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta alemanez egingo dira, 19:00etatik 20:30etara bitartean. Izena emateko EHAEOren Bizkaiko egoitzara jo, 946 077 461 telefonora deitu edo www.biaforum.org webgunean sartu behar da, irailaren 1az geroztik. Prezioa bost eurokoa da.
 
Erakusketak eta zine-zikloa: ARKIZINE BIA
Ibilbideak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzaren egoitzan joan den ostegunean inauguratutako Imanol Ordorika Bengoetxea arkitekto lekeitiarraren lanaren omenezko erakusketari eta gainerako kultur jarduerei gaineratuko zaizkie.

Gerra Zibilaren ondoren Mexikon babestuta bizi behar izan zuen Ordorikaren lanaren berri ematen du ‘Artearen etengabeko bilaketa’ izeneko erakusketak. Bertan arkitekto lekeitiarrak bere lanetan erabilitako ozeanoaz bi aldeetako kulturen arteko fusioa islatzen da, baita erbesteratu espainiarrek herrialde latinoamerikarreko hiri-garapenari egindako ekarpena ere.

Imanol Ordorika Bengoetxea Lekeition jaio zen 1931n, eta Frantzian egindako egonaldi laburraren ondoren, zortzi urte eskas zituela, errefuxiatu gisa abiatu behar izan zuen Mexiko aldera. Han, Mexikoko Unibertsitate Autonomoko Arkitektura Eskolan ikasi eta Arkitektura-Konposizioko irakasle titularra izan zen, 1988an hil zen arte. Bere lanetan, era askotako eraikuntzak daude, osasun arloko eraikin publikoak, hezkuntza arlokoak nahiz familia bakarreko edo familia anitzeko etxebizitzak barne.
 
Bere estiloan kolore bizien erabilera da nagusi, baita metal, plastiko eta ehunen testuren arteko jokoa, matematikoki lortutako formak eta proportzioak eta baliabideen ekonomia ere. Ordorikak arkitektura diziplina-arteko jardueratzat jotzen zuen, eta eskultore gisa lortutako arrakastaren haritik, bere diseinuetan plastizitate eta adierazkortasun handia suma daitezke. Hauek dira Ordorikaren lan nabarmenenetako batzuk: Hidalgo Estatuko Unibertsitate Autonomoa, Mazatlango El Cid hotela edota Iztacalcoko Infonavit Bizitoki-Unitatea.

Mexiko da lehen BIA Urban Regeneration Forumeko herrialde gonbidatua. Erakusketaren osagarri gisa, hilaren 23an, hitzaldi bat eskainiko da Bizkaia Aretoan, 19:00etatik aurrera.
 
Gainera, gaur hasita, Metroko geltokietan, Bizkaiko arkitekturan giltzarri izan diren zenbait obra ikus daitezke metroko bost geltokitan paratutako erakusketari esker. Guztira, obren irudiez hornitutako 28 panel eta azalpen-testuez osatutako beste 7 panel jarri dira ikusgai Casco Viejo, Abando, Moyua, Indautxu eta San Mameseko geltokietan, irailaren 30a arte.

Azkenik, bihar, asteartea, irailak 9, eta hilaren 21a arte, arkitektura eta hirigintzari buruzko zine-zikloa izango da ikusgai Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzan (Mazarredo zumardia 69-71). Ruben Corral, AlhóndigaBilbaoko Zinematekako aholkulari eta Zinebiko kolaboratzaileak eraikinen eraikuntza eta ospea ardatz dituzten filmak (laburrak, ertainak eta luzeak) aukeratu ditu ARKIZINE BIA ziklorako. Hauexek dira film horietan aztergai azalduko diren eraikinetako batzuk: Miguel Fisacek 60etan diseinatu eta desagertuta dagoen Jorba laborategien egoitza, ‘Pagoda’ izenaz ere ezagutzen zena, edota gaur egun abandonatuta dagoen Kubako Arte Nazionalen Eskola, iraultzaren ikur bilakatu zena.

Zikloan, halaber, arkitektura-estilo desberdinak aztertuko dira, hala nola, ‘incompiuto siciliano’ deritzona, aditu askok Italian Bigarren Mundu Gerraz geroztik sortutako mugimendu garrantzitsuentzat jotzen dutena, eta Eduardo Souto Mora portugaldarraren moduko arkitektoen ibilbidea errepasatuko da. Saioak 20:00etan hasiko dira. Sarrera doakoa izango da aforoa bete arte.

 

[2014/08/28] BIA-k arkitekturaren inguruko kultur jarduerak antolatuko ditu irailean Bilbon

[2014/08/29] BIAk arkitekturea ardatz daben kultur jarduerak antolatuko ditu Bilbon irailean