Julen Orbea: "Hitzek kartzelara garamatzate"

uriola.eus 2014ko ira. 16a, 13:46

"Inoren aurka eta askoren alde" idatzi zuten iritzi artikulua sei bilbotarrek 2012ko abuztuan. Ezagutu ez zuten arren, "oso maitatua" izan zen Maite Perez Alde Zaharreko auzokidea gogoan. Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu auziperatuen helegitea eta, hortaz, artikulua sinatu zuten seitik lau lagun espetxeratuak izan daitezke epe laburrean.

"Delitu larria" ikusten dute epaileek 25 urte eta gero, maite zaitugu! izeneko artikuluan. 2012ko abuztuan hainbat komunikabideetan argitaratu zen. Alde Zaharreko Maite Perez ETAkidea gogoan zuen artikulua zen bere heriotzaren 25. urteurrenean. Testuaren sei sinatzaileen ustez gutuna ez da "inoren aurkakoa", eta bai "askoren aldekoa". Beraien asmoa "kontakizun bakar eta inposatuaren" aurrean, "egian oinarritutako kontakizuna egitea zen, zilegia dena".

Auzitegi Gorenak auziperatuen helegitea gaitzetsita, urtebeteeko kartzela zigorarri aurre egin behar dioten lau bilbotarrek adierazi dute Euskal Herrian iritzia "delitua" dela. "Hitzek kartzelara garamatzate", esan du lau auziperatuen izenean Julen Orbeak eta, inposizoren aurrean, hitz egiten jarraitzeko deia zabaldu du: "Zabal ditzagun gure hitza lau haizetara".

Ane Ituiño, abokatua: "Salbuespen legedia behingoz bukatu"

Prozesua jarraitu duen Ane Ituiño abokatuak gaurko agerraldian azaldu du lau auziperatuen aurkako auziak, legearen ikuspuntutik, "ez duela oinarririk" eta adierazpen askatasuna "zigortzen duela". Bere esanetan, "beti da zentzugabea, are gehiago eszenatoki demokratiko batean lanean ari direnak zigortzea". Bukatzeko, Ituiñok salbuespen legediaren amaiera eskatu du, "behingoz bukatzeko". Legedi hori da, abokatuaren aburuz, adierazpen askatasuna zigortzen duena.

Deialdiak

Oroimena Delitua Denean lantaldeak bihar -asteazkena- asanblada eta Lan Eguna deitu ditu 7Katu gaztetxean. Ostegunean, irailak 18, "burrunbada" egingo dute 20:00etan Etxebarrieta plazatik hasita. Ostiralean, irailak 19, manifestazioa 20:00etan Etxebarrieta plazatik hasita eta irailaren 28an -igandea- Elkartasun Eguna ospatuko dute. Horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute.

 

[2014/09/16] Iritzi artikulu bategatik espetxe arriskuan dauden lau bilbotarrengatik "alarma gorria"