Covitek Martzana kaian jarritako plaka kenduko duela jakinarazi du Udalak

uriola.eus 2014ko ira. 24a, 15:07

EAEko Terrorismoaren Biktimen Elkarteak igandean Martzana kaian Maria Luisa Sanchezen omenez jarritako plaka kenduko duela plazaratu du Udalak, berau jartzeko baimenik eskatu ez zutelako. Astelehenean egindako Udal Batzordean hartutako erabakia da hau.

Udalaren baimenik gabe, irailaren 21ean, igandea, Covitek, Maria Luisa Sanchez Ortegaren omenezko plaka bat jarri zuen Martzana kaian. Sanchez, 1987an hil zen, ETAk Renault kontzesionario batean jarritako lehergailu baten ondorioz.

Udalak, astelehenean egindako Udal Batzordean, plaka kentzea erabaki zuen, "espazio publikoa era pribatuan erabiltzeko nahitaezko baimen legalik gabe" jarri zutelako. Udaletik gehitu dutenez, "egiteko erari" begiratu diote erabakia hartzerakoan "eta ez helburuari", haien nahia "terrorismoaren biktimen oroimenean eta aitorpenean oinarritutako politika garatzen jarraitzea" baita.

Guzti horren aurrean, batzordean hainbat erabaki hartu zituzten. Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzako bakerako eta bizikidetzarako idazkari nagusiarekin lan egiteko asmoa erakutsi dute Bilboko `Memoriaren mapa´ eraikitzeko. Honen bitartez, terrorismoa eta biolentziaren ondorioz Bizkaiko hiriburuan hildako pertsona guztiek plaka bana izango dute zendu ziren tokian. Iniziatiba hau aurrera eramateko, 2015eko Aurrekontuen Aurreproiektuaren baitan diru kopuru bat bideratzeko asmoa agertu dute.

Bestalde, azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, Kasilda Iturriza parkean biktimen omenez egitekoa den ekitaldia gogora ekarri dute, baina igandean jarritako plaka berehala kentzeko eskatu diote Espazio Publikoaren sailari.