Alfonso Gil bilbotarra da jaiotzez eta "batez ere debozioz". Errekaldekoa sentitzen bada ere, Abandoko barrutian bizi da. 46 urte ditu eta "sozialista eta liberaltzat" du bere burua. Indalecio Prietoren jarrailetzat, "aurrekari ilustrea Bilboko Udalean". 14 urte zituenetik da militante sozialista.
Ondo ezagutzen du Bilboko Udala. Urte asko eman ditu zinegotzi eta azken legegintzaldiak bere alderdiko bozeramale lanetan. Euskararik ez du erabiltzen bere agerraldietan.
"Pertsonen bizitza hobetzeko ekintza publiko" bezala ulertzen du Gilek politika. Bere taldearen ardura nagusia enplegua dela adierazi du hainbat aldiz. Izan ere, Bilbon langileen gehiengoak merkataritza sektorean egiten du lan. "Egun enplegu sortzaile handiena Bilbon merkataritza da, eta hainbeste proposamen egin ditugu merkataritza sustatzeko". Nagusiena, errenta zaharrak eguneratzeko luzamendu eskaera da. "Udalbatzarrari proposatuko diogu Espainiako Gobernuari eska diezaiola luzamendua errenta horiek ez gaurkotzeko". Merkatarientzako "kreditu bigunak" eskatzea da sozialisten beste proposamen bat, "merkatariek bizi duten egoera txarrari hobeto aurre egin diezaioten".
2015eko udal hauteskundeetarako EAJ eta PSEko hautagaiak -Aburto eta Gil- nor bere alderdiaren babesa eskuratzeko fasean daude. EH Bilduko hautagaiak laster emango dira ezagutzera, hile amaiera baino lehen.
[2014/10/02] Juan Maria Aburto aurkeztu dute EAJko Bilboko alkategai