Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta erakunde sozialek joan den otsaila eta martxoan pobreziaren eta prekarietatearen aurkako kanpaina abiarazi zutenean, erakundeak aplikatzen ari ziren "politika antisozialak herritar gehienek" pobretzea eragiten zutela salatu zuten, eta "gutxiengo baten" aberastea. Gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean, egoerak "okerrera" egingo duela iragarri dute Europar Batasuna (EB) eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) "sekretupean negoziatzen ari diren" Merkataritza Libreko Hitzarmenarekin: "Merkatuek pertsonen eta herrien bizimodua areago hondatuko baitute".
Prekarietatea, pobrezia, babes gabezia, zalantza, eskubide murriztuak, aldi baterako enplegua, migrazio derrigortuak... Osagai hauek taxutzen dute Guneren arabera "esplotazioaren gainean eraikitako sistema ekonomiko bidegabea". Desberdintasuna "gero eta handiagoa" den sistema soziala, alegia. Esplotazioa eta desberdintasunaren "biktima nagusia" emakumea da, Gunek jakitera eman duenez.
Datu "latzak"
Hego Euskal Herriko langabezia tasak %16a gainditzen du, hots, EBko batez besteko maila baino 6 puntu handiagoa da. Enplegurik gabe dagoen jendearen erdiak baino gehiagok ez du langabezia-prestaziorik jasotzen. Prestaziorik gabeko langabe portzentajea etengabe ari da hazten. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak prestazio sozialak "moztu egin dituzte", zenbatekoari nahiz bera jasotzeko epeari dagokionez, eta hainbat kolektibo "inolako babesik gabe" utzi dituzte. Pobrezia maila azken 25 urteotako "handienetakoa" da. Emakumeek "latzago" jasaten dute pobretze dinamika hori. Beraz, "agerian geratzen da sistema sozial honek herritarren erdia desberdintasun handiagoa pairatzera derrigortzen duela".
Horrenbestez, pobreziaren eta prekarietatearen aurkako kanpainari "berriz heltzea" erabaki du Gunek, "batik bat orain, zenbaitek zalantzan jartzen baitu babes sozialeko sistema publiko, unibertsal eta duina izateko aukera bera ere".
Guneren eskariak
- Gutxieneko soldata zeharo hobetzea, ekiditeko lanean dagoen edonor pobrea izan dadin.
- Langabezia-prestazio duina, enplegurik aurkitzen ez den bitartean.
- Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE edo RGI) eta Gizarteratzeko Errentaren (Oinarrizko Errentaren) zenbatekoa gehitzea, egungo LAGSEren (SMI) gainetik. Horrekin batera, kide bat baino gehiagoko bizikidetza-unitateei aplikatzen zaien eskalak gehitzea. Egun indarrean dagoen sistemaren ordez diru-sarrerak bermatzeko sistema berri bat ezartzea, eskubide soziala izango dena. Bizimodu duina izateko eskubidea bermatu beharra dago. BDE eta Gizarteratze Errenta mantenduko direla bermatzea, baliabide ekonomikorik ez dagoen bitartean. Gizarte-Larrialdietarako laguntzak jasotzeko eskubide subjektiboa aitortzea; laguntza horiek benetako beharrizanak osatu behar dituzte.
- Prestazio sozialak jasotzeko aukera aitortzea murrizketen ondorioz baztertuta geratu diren kolektibo guztiei.
- Prestazio sozialak kudeatzerakoan aplikatzen ari diren irizpide murriztaileak alde batera uztea.
- Aurrekontuak gehitzea, ahalbidetzeko zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak (osasungintza, hezkuntza, enplegua, arreta soziala) izango direla.
- Pertsona guztiei osasun eta osasun-arreta eskubidea, hezkuntza eskubidea eta etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzea. Halaber, bermatzea baliabide ekonomiko nahikorik ez duelako inor ez dela argindar, gas edo urik gabe geratuko.
- Erakundeen konpromisoa, babes sozialeko sistema oso bat ezartzea ahalbidetuko duten tresna propioak ezartzeko; sistema horri esker Euskal Herrian guztiek bizimodu duin, autonomo eta egokia garatzeko bitarteko eta baliabide nahikoak izango lituzkete.