Eider Uruburuk Parisen atxilotuta jarraitzen du joan den ostiraletik

uriola.eus 2014ko aza. 25a, 10:18

Naiz agerkari digitalak jakitera eman duenez, Urubururen abokatuarekin hitz egin eta gero, Alde Zaharreko auzokidea bere bikotekidearen epaiketara joan zenean atxilotu zuten, ostiralean, azaroak 21. Frantziara sartzea debekatuta zuen eta epaileak 8 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio. 

Ostiralean atxilotu zuten Aletzu Zobaran preso politikoaren, bere bikotekidearen, epaiketara joan zenean. Lurralde frantsesean sartzea debekatua zuen Eider Uruburu bilbotarrak eta bikotekidea ikustea lortu bazuen ere, hurrengo egunean atxilotu zuten.

Epaileak 8 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio debekua ez betetzeagatik. 2010eko urtarrilean atxilotu zuten Estatu frantsesean eta 2014ko maiatzaren 22an askatu zuten Uruburu. Naizek dioenez, errekurtsoa aurkezteko aukera dago.

Ostegunean, azaroak 27, elkarretaratzea deitu dute 19:30ean, Etxebarrieta plazan, "Eider Askatu! konponbide garaia da!" lelopean.