Dendarikaleko Maison 13 etxe okupatua hustu du Ertzaintzak

uriola.eus 2014ko abe. 11a, 17:36

Goizeko 09:30ak aldera hasi da Ertzaintza Zazpikaletako eraikina husten. Barruan 8 lagun zeuden eta horietatik 4, balkoietan binaka kateatu dira. 14:00ak aldera lortu dute gazte guztiak ateratzea eta eraikina hormatzeari ekin diote. Goiz osoan, Dendarikale inguratzen duten kale-kantoi guztietara jendetza hurbildu da Maison 13n zeuden gazteei babesa helaraztera. Gaur, 18:00etan, manifestazioa abiatuko da Etxebarrieta plazatik, Maisonen hustea salatzeko.

Lau orduz erresistentziari eutsi ondoren, 14:10ean, Maison 13 etxe okupatua hormatzeari ekin diote. Goizeko 09:30ak aldera, sare sozialen bidez eman dute abisua bertako lagunek; Ertzaintza eraikinaren kanpoaldean zegoen. Gutxira, inguruko kale-kantoiak jendez betetzen hasi dira "Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia" bezalako oihuen artean.

Eraikinaren barrualdean 8 lagun egon dira hasieratik. 10:45ean, lehenego lauak kaleratu dituzte eta gainontzekoak, binaka, kateaturik egon dira goiz osoan, hirugarren eta laugarren solairuetako balkoietan. 11:45ean, hirugarren solairuan zeuden bi gazteak kaleratu dituzte; haiengana heltzean, eskumuturrak lotzen zizkien katea askatu egin baita. Beste biek, 14:00ak arte iraun dute kate eta plastikozko tutu batekin, balkoi batetik bestera, eskuak lotuta. Hauek askatzeko, segurtasun indarrek suhiltzaileen laguntza behar izan dute. Maisoneko sare sozialetan jakin denez, Alkatetzatik jaso dute bertaratzeko agindua suhiltzaileek; hala ere, aginduari ezezkoa eman diote eta ondorioz, espediente bat irekitzeko mehatxua egin dietela azaldu dute.

Hainbat liskar une izan dira ertzainen eta etxe okupatuaren barruan zeuden gazteei babesa ematera hurbildutako lagunen artean. Oihu eta bultzada artean, Ertzainek porrekin urrunarazi dituzte. Guztira, hiru pertsonari desobedientzia eta desordena leporatu diete agenteek, horietako bat atxilotu egin dute. Aske dago jada.

Dendarikalera heltzean, suhiltzaileek, katerik moztuko ez zutela argitu dute baina azkenean, balkoian kateatutako lagunek eskatuta, egitea erabaki dute. Bi gazteek ordu asko eman dituzte bertan eta eskuetan mina zeukaten.

Azken bi lagunak eraikinetik aterata, liskarrak sortu dira Alde Zaharreko kaleetan berriro ere. Poliziak 10 lagun inguru identifikatu ditu. 18:00etan, manifestazioa hasiko da Etxebarrieta plazan, Maison 13ren hustea salatzeko. 

 

[2014/12/11] Alde Zaharreko Maison13 eraikinaren hustuketa salatu du EHBilduk

[2014/12/10] Maison 13 desalojo arriskuan

[2014/11/04] IBAIZABAL: La Maison 13k martxan jarraitzen du

[2014/09/12] Ekintzaz beteriko asteburua La Maisonen

[2014/07/18] `Guda Zibila Bilbon´ hitzaldia gaur Maison 13n

[2014/06/11] Maison 13 desalojatzeko segurtasun pribatu enpresa baten saiakerak porrot egin du

[2014/06/11] Maison 13 etxe okupatua hormatu dute barruan jendea zegoela eta orden judizialik gabe

[2014/06/07] Maison 13ko Etxebizita jardunaldiak

[2014/05/30] Gaur irekiko dituzte Maison 13 etxe okupatuko ateak

[2014/05/21] La Maison eraikina berriz ere okupatu dute