Etxeratek bisitei uko egingo die asteburu batez, "Bilbon, guztion artean, haize bolada berriak sortzeko"

uriola.eus 2014ko abe. 16a, 13:17

Dispertsioak preso dauden pertsonen eskubideak ez ezik euren senideen eskubideak ere urratzen ditu. "Astebururo, uneoro, gure eskubideak urratzen dituzte, sistematikoki". 2014an 10 istripu eragiteraino. Etxeratek gaur Bilbon adierazi du dispertsioarekin amaitzeko ordua iritsi dela. "Aski da esateko garaia da".

"Urduri" daude gaur euskal preso politikoen senide eta lagunak. Urduritasunak Espainiako justiziak hartu beharreko erabakian du jatorria. Frantzian betetako kartzela zigorrek Espainian balioa izango duten ala ez erabakiko baitute gaur. Ez dira itxorepentsu Etxarateko kideak. Euren senideak espetxean "ilegalki" preso matentzeko "Espainiako erreinua beste tranpa legal bat prestatzen ari dela" uste baitute. 

Tentsioa nagusi den egun honetan nahi izan du Etxeratek "konponbidea aldarrikatzeko" urtarrilaren 10erako Bilbon Sare Dinamikak deitu duen manifestazioa babestu. Eta euskal gizarteari mobilizazio horrekin bat egiteko eskatu dio. "Giza eskubideen urraketen aurka gauden guztiok hitzordua baitugu", adierazi du Etxarateko kide Ibai Bilbaok.

Urtarrilaren 10ean bisita eskubideari uko egingo diete presoen senide eta lagunek: "Berlingo harresia bezalakoa den espetxe politikarekin betirako amaitzeko". Bisita horiek "oxigenoa" diren arren eurentzat. Izatez, maite dituzten horiekin minutu batzuk igarotzeko duten aukera bakarra dira asteburuetako bisitak. "Guk maite dugun horri uko egiten diogu eta hala, jendarteari duen horri uko egitea eskatzen diogu. Gure oxigenoari uko egingo diogu asteburu batez, Bilbon, guztion artean, haize bolada berriak sortzeko. Oxigeno berria sortu eta bidea argitzeko. Mendeku politikaren aurrean konponbidea aldarrikatzeko. Espetxeetara bidean egon beharrean Bilboko kaleetan egongo garelako. Zubiak eraikitzen. Espetxe politika honi betirako agur esaten".

Nafarroa, Gipuzkoa eta Iparraldeko senideek urtarrilaren 10ean, 17:30ean, Udaletxetik abiatuko den zutabean parte hartuko dute eta Araba eta Bizkaiko senideek, berriz, La Casillatik irtengo den zutabean.