Hileko azken ostiralero zabaldu ohi du Etxerat elkarteak "presoak eta iheslariak etxean nahi ditugu" mezua. Gaurkoa, baina, urteko azken ostirala izanik, bereziagoa izango da. 19:30ean Arriagan giza katea osatuko dute "presoen eskubideak sistematikoki eta uneoro urratzen diren honetan, konpromisoak hartzeko garaia" dela adierazteko. "Hitzak, ekintzekin tartekatzeko unea da", esateko.
Etxerat elkarteak alderdi politikoei, sindikalei eta euskal jendarteari presoen eskubideen urraketen aurka jarduteko konpromisoa gauzatzeko eskatuko die. "Presoak eta Iheslariak Etxean nahi ditugu bai, baina Euskal Herriak ere behar ditu bere etorkizun askerantz egin behar duen ibilbiderako bidaide izan daitezen".