Laranja kolorez Gobernu Zibila inguratzeko deia egin du Bilboko 'burdin harresiak'

uriola.eus 2015ko ots. 9a, 09:09

Bilbon 40 lagun inguru eta 8 auzo elkarte dira, 10 sumario baino gehiagotan inputatuak daudenak. Joan den larunbatean agerian utzi nahi izan zuten "argazki honek ez duela logikarik herri hau gatibu mantentzeko ez bada". "Lekuz kanpo dauden erasoei aurre egiteko", deialdia egin dute otsailaren 20an Plaza Eliptikoan Gobernu Zibila 'laranjaz' inguratzeko. Ekimen sinboliko honekin "datozen aste eta hilabeteetan epaituak izango diren kideak eta sententziaren zain daudenak" babestu nahi dituzte. 'Burdin herresia' osatu.

Asko dira Bilbon, Madrileko tribunal "bereziek" hartuko dituzten "erabakien pentsura" dauden hiritarrak. Asko dira, behin epaituak sententzia baten zain daudenak, asko dira epaiketa "politiko" baten zain daudenak eta bitartean euren eskubide oinarrizkoenak "urratuak" dituztenak, "astero epaitegian sinatzen eta estatu espainiarretik ezin irtenda". Asko dira euren lokalak "ixteko arriskuan" ikusten dituztenak sententzia baten edo besteren arabera, asko dira momentu honetan "errepresioaren aurpegi ezberdinak" pairatzen ari dire bilbotarrak. "Eta milaka baldintzapeko askatasuna lortzeko Madrilen utzitako euroak".

Bilbon 40 lagun inguru eta 8 auzo elkarte dira, 10 sumario baino gehiagotan inputatuak daudenak. Joan den larunbatean Sendejako Tingladoan eginiko agerraldian adierazi zutenez, "gure herria murgilduta dagoen prozesu politikoaren baldintzatzerik onartuko ez duten herritarrak altxatu dira. Konpromiso kolektiboari bide eman eta LIBRE bizi nahi duten herritarrak. Injerentziarik gabe. Euskal Herrian bizi dugun egoerak, Estatu espainiarraren ezintasunen ondorio da".

Estatuaren "eskaintza bakarra" errepresioak izaten jarraitzen duela adierazi zuen Joana Regueiro eledunak. "Konponbidea eta bakea ekarriko duen prozesua zapuztu nahi dute militantzia eta lan soziala zein politikoa kriminalizatuz. Eta horren aurrean ozen esan behar diegu ez garela besoak gurutzaturik geldituko".

Joan den larunbateko argazkia "ezin da izan 2015 urtean Bilbon onartzen dugun argazkia". Bilbotarren gehiengoa "beste fase batean kokatzen" dela argitu zuen Regueirok, baina hori "ikustarazi" beharreko zerbait dela: "Agerian utzi behar behar da argazki honek ez duela logikarik herri hau gatibu mantentzeko ez bada".

 

Laranja kolorez Gobernu Zibila inguratu

Konponbidea eta bakea eraikitzeko eta "lekuz kanpo dauden erasoei aurre egiteko", euskal herritar "guztien konpromisoa" beharrezkoa dela azpimarratu zuten agerraldiko partaideek. Eta erasoaldi bakoitzari "eman ahal diogun erantzunetik harago", datozen aste eta hilabeteetan epaituak izango diren kideak eta sententziaren zain daudenak "babestu eta egoera hau salatzeko", deialdia egin zuten. Datorren otsailaren 20an arratsaldeko 19:00etan Plaza Eliptikoan Gobernu Zibila "laranjaz inguratuko dugu". Ekimen sinbolikoa izango da, kolore laranja soinean jantzita, bertaratzeko deia luzatu zioten bilbotar orori.