"Espainiak gaztelania legez bermatzen duen bitartean, euskalduna babesik gabe dago enpresen aurrean"

uriola.eus 2015ko ots. 17a, 11:41

Argazkia: Kontseilua

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretuaren betetze mailaren inguruko balorazioa egin dute gaur goizean La Bolsan Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok eta ildo politiko eta instituzionalaren arduradun Iñaki Lasak.

Paul Bilbaoren esanetan, betetze mailaren inguruan egindako azterketek argi eta garbi adierazten dute dekretua erredaktatua dagoen bezala "ez dela tresna juridiko eraginkorra" hizkuntza eskubideak bermatzeko. Gogoratu du dekretu zirriborroa argitaratu zen lehen unetik Kontseiluak txalotu egin zuela helburu eta epe zehatzak jasotzea batetik, eta urratzaileei begirako zehapenak aurreikustea, bestetik. "Lopezen Gobernuak haiek baztertu egin zituen eta Urkullurenak ez ditu berreskuratu nahi izan". Hor ikusten du Kontseiluak emaitza kaxkarraren arrazoietariko bat. "Zehapenik gabeko dekretua diskurtso hutsa da", adierazi du Paul Bilbaok.

Bestalde, Paul Bilbaok Kataluniako eta Quebeceko adibideak aztertu ditu eta erakutsi du bi leku horietan zehapenak indarrean daudela. "Erakutsi du Espainiako Gobernuak ehunka arautan ezartzen duela gaztelania erabiltzeko betebeharra. Horrek, desoreka handia ezartzeaz gain, eragotzi egiten die euskaldunei euskara erabiltzeko aukera gure hizkuntza bigarren mailakoa izatera kondenatuz".

Segidan, Kontseiluak Dekretuaren betetze mailaren inguruan egindako azterketaren berri eman du. Bilbaok eta Kontseiluko ildo politiko eta instituzionalaren arduradun Iñaki Lasak azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzak eta Kontseiluak egindakoa, bai metodologian bai eta helburuetan ere, azterketa desberdinak izanik ere "emaitzak bat datozela": "Benetan zaila da euskaldunentzat dekretuaren eraginpeko enpresetan euskara erabiltzea. Horrek hizkuntza ohituretan eragiten du eta ondorioz, euskararen normalizazio prozesua bera baldintzatzen du".

Paul Bilbaok adierazi du "ezin dugula horrela segitu". Eta irtenbidea proposatu du. Haren ustez Administrazioen eta Euskalgintzaren arteko elkarlan estuak "emaitzak hobe" ditzake. "Administrazioek hizkuntza politika berri eta eragingarria abiatu behar dute eta Euskalgintzak herritarren aktibazioa areagotu behar du hizkuntza eskubideen aldarrian tinkotasun handia erakutsi arte".

 

Kontsumitzaileen dekretuaren betetze mailaren azterketa 2014