Hogei urte pasatxo dira "Euskal Herriak bere historiako elkartasun erakustaldirik handienetakoa jaso zuenetik". Montevideo hiriko Filtro erietxean 1994an gertatua jasotzen duen dokumentala ikusteko aukera izango da bihar, otsailak 26, 19:00etan, Errondabide kultur elkartean. Ondoren, iaz Argentina eta Uruguayra joandako brigadistek hitzaldi-solasaldia eskainiko dute.
Askapena: 20 urte eta gero, herriak ez du ahazten!
1994ko abuztuaren 24 hartatik 20 urte pasatxo igaro dira. Egun hartan Euskal Herriak bere historiako elkartasun erakustaldirik handienetakoa jaso zuen. Uruguayar herriak Montevideoko Filtro erietxean espaniar tortura eta espetxera estraditatu ez zitzaten gose greban zeuden 3 euskal militanteri masiboki lagundu zion kaletik. Egun hartan, elkartasun internazionalistak eman duen mobilizazio historikoa egin zen, eta uruguayarrek, diktadura bukatuz geroztik gertatu gabeko errepresioa pairatu zuten. Polizia zaldi gainean herritarrak borraz jipoitzen, bala-tiroak nonahi... holakoa izan zen Madrilen aginduetara lanean ari ziren estatuko aparato errepresiboek Uruguayko herri solidarioari eman zion zigorra. Ehunka zauritu eta atxilotu, eta bi kide erailak -Roberto Facal eta Fernando Morroni- izan ziren ondorio dramatikoak. Geroztik, egun hartako errepresioa "Filtroko sarraskia" bezala izendatzen dute.
20 urte pasatxo joan dira bai, eta botere nagusiak amnesia orokorra bultzatzen saiatzen diren arren, ez gure herriak, ez eta uruguayar herriak ere, ez dugu ahaztu betiko lotu gintuen besarkada solidario hura. Eta besarkada solidario hura, herrikoia eta internazionalista izan zelako, ez gaude soilik lotuta historian, baizik eta gure borroken orainean ere.
Egun horretan, data madarikatu hura gertatu zenetik, Montevideon manifestazio handi bat ibiliko da, eta justizia eta sarraskiaren arduradunentzat zigorra eskatuko dute. Egun horretan, data madarikatu hura gertatu zenetik, Euskal Herrian elkartasunez mobilizatuko gara eskaera horrekin bat eginez: hiltzaile eta errepresoreentzako zigorgabetasuna bukatu dadin. Zigorgabetasun hori delako, bai Uruguayen, bai Euskal Herrian, sistemak boteretsuei eta bere mertzenarioei gordetzen diena, ordena inujustuaren jauntxoei eta zaindariei. Horregatik, gure askapen bidean, zigorgabetasun hori berandu baino lehen lehertu eta puxkatu beharko dugu.