'Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma' aurkeztu da gaur goizean prentsaurreko batean. Presoz jantzita eta kartzela baten barrutik hitz egiten zutela simulatuz, "onartzear dagoen neurri errepresiboen multzoa" salatu dute plataformako kideek. "Herritarrak koxka bat gehiago estutuko dituela", nabarmendu dute. "Edozein auzokide bilakatuko da susmagarri, polizia-agente halako batek uste baldin badu delitu bat egitekotan dagoela, delitua bera gertatzeko beharrik ez dagoela". Adierazi dutenez, "hartara, ez dira gertakariak soilik kriminalizatuko, zenbait giza-talde kriminalizatuko dira aurrez: migranteak, aktibistak edo baliabiderik gabeko pertsonak kasu, edo halako taldeekin elkartasuna adierazten duen edozein".
Plataformako kideen arabera, "neurri hauek ez dira berriak Euskal Herrian" eta "ezin dugu onartu beldurraren bidez, zigorraren bidez eta errepresioaren bidez, kaleak hustea". Horregatik, antolatuta jarraitzeko gonbitea egin diete herritarrei eta kalera ateratzea proposatu dute, "urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduz".
Hilabeteotan 'Mozal Lege' izena hartu duten legeen bozketak egiten ari dira Espainiako Senatuan: 'Herritarren Segurtasunerako Legea eta Kode Penalaren Erreforma' bozkatzen, alegia. "Bada, plataforma hau jaio da halakoen aurrean herritarren aldetik erantzun bat emateko eta sentsibilizatzeko helburuarekin".
Hainbat ekintza burutuko dituzte "ekintza politikoaren errepresioaren gorakadaren inguruko eztabaida" kalera eramateko. "Gizartearen aldarrikapenek gizartearen hainbat aldaketa eragin dituzte", baieztatu dute kolektibo sozialek. "Beti egon dira metodo errepresiboak aldarrikapen politikoei oztopoak jartzeko, baina halakoek ez dituzte mobilizazioak eten". Martxoan egingo dituzten ekintzen bidez, herritarrak animatu nahi dituzte, "beldurrik gabe jarrai dezaten eta errepresioak eta zigorrak geldi ez ditzaten".
Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma:
Eragileak: Plataforma de sin papeles Mbolo Moy Doole, Sagarrak, Greenpeace Euskadi, m15m, Berri-Otxoak, Sare Antifaxista, Fundación Paz y Solidaridad, Bizkaiko SOS Arrazakeria, Tosu Betirako, Komite Internazionalistak, Ernai, Salhaketa Bizkaia, Mugitu!, KEM-MOC, Elkartzen.
Atxikimenduak: Taldeak: Danok Lan, Desazkundea, Ekologistak martxan Bizkaia, Harresiak Apurtuz (Coordinadora de ONG de Euskadi de apoyo a inmigrantes), Argilan, Kakitzat, Antikapitalistak Elkartea, Ehgam, “BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI”, Mujeres del Mundo 'Babel', Asociación de trabajadoras del hogar (ATH-ELE), Bilboko kitzikan.
Sindikatuak: ESK, CGT-LKN, CCOO Euskadi
Alderdiak: EHBildu.