Euskal Memoria fundazioak urtero argitaratzen du Euskal Herriaren aurka azken urteotan erabili den bortizkeriaren gaineko ikerketa bana. Azkenak 'gerra zikinaren' arloa jorratu du. Liburua Iñaki Egañak koordinatu du. Bertan bildu dira heriotza eskuadroiek 1972 eta 2010 urte bitartean egindako ekintzen lekukotzak. Denetara, gutxienez 83 pertsona hil zituzten ehunka erasotan. "Eta, jakina, eraso horien ezaugarria izan da egileen erabateko zigorgabetasuna, oso gutxitan izan baitira ikertuak, are gutxiago atxilotuak eta kondenatuak".
Hitzaldian Iñaki Egañak ikerketaren ondorio orokorren berri emango du. Pedro Ibarrak, bere aldetik, bere kasua kontatuko du, 1975eko maiatzean bahiketa ahalegin baten biktima izan baitzen. Azkenik, Euskal Memoriako Bilboko taldeko Oiane Valerok Bizkaiko hiriburuko datuak jorratuko ditu.
Gerra zikina Bilbon
"Gerra zikina esatean GAL taldea etortzen zaigu burura baina, egiari zor, askoz fenomeno zabalaren aurrean gaude. Horrela ikusten da, esate baterako, Bilbon gertatu denari erreparatuz gero. Gerra zikinak gogor astindu du Bizkaiko hiriburua: bederatzi hildako eta hamarnaka zauritu eragin ditu hamaika siglaren babesean (GAL, GANE, BVE...) edo batere siglarik erabili gabe.
Diskurtso ofizialean oharkabean igaro daitekeen arren, bortizkeria oso zabala izan da, hala denboran (1975-2012) nola eragin dituen esparruetan: biktima izan dira alderdi politikoekin zer ikusirik ez duten pertsonak, EAJko, ezker abertzaleko eta PSOEko militanteak, El Correoko zuzendaria, CNT sindikatua, euskararen aldeko ekintzaileak, abadeak eta beste asko.
Eta bortizkeria oso zabala izan da, halaber, erabili dituen bideei dagokienez: tiroketak, lehergailuak, bahiketak, jipoiak, torturak, mehatxuak... Denetara, ehunetik gora eraso dokumentatu ditugu Bilbon edo bilbotarren kontra".