Liburuaren Nazioarteko Egunean Dispertsioaren Liburuxkaren irakurketa egin du Sarek

uriola.eus 2015ko api. 23a, 15:56

Arriagako plazan egin dute irakurketa txandakatua eguerdiko 12:00etan eta ekimenaren bidez, "espainiar eta frantziar gobernu zentralek indarrean duten espetxe politika aldatzeko aldarrikapena" islatu dute.

Gaurko agerraldian gogora ekarri dute, larunbatean, apirilak 18, Alacanten dauden hiru euskal presoren senide eta lagunek istripua izan zutela 720 km egin ondoren, etxera iristen ari zirela.

Dispertsioak 26 urte bete izana era gaitzetsi dute eta ondorioz, "sentsibilitate ezberdinak barnebilduko dituen eta sigla edo helburu politiko jakinen gainetik egongo den sare herritarra osatzen eta indartzen jarraitzea oinarrizko ardatza dela".

Dispertsioarekin bukatzeko "lan handia" egin behar dela jendarteratu dute, "ondo dakigu dispertsioarekin bukatzea eta presoak, iheslariak eta deportatuak etxera ekartzea ez dela erraza izango; ahalegin handiak eskatuko dizkigu. Baina prest gaude, konbentzituta gaudelako ezinbestekoa dela Euskal Herrian konponbidea behin betiko errotzeko. Eguneroko lanari hel diezaiogun bada, lan egin dezagun hemen zein munduari begira, errealitate honekin amaitu beharrean gaudelako".

Gaurko irakurketan, besteak beste, Pablo Gorostiagak, alkate eta preso ohiak; Salut Buenok, harrizulatzaileak; Mikel Novalek, ELAko kideak; Iraitz Salegik, topatu.info-ko kazetariak; edota Sonia Gonzalezek, LABeko kideak parte hartu dute.