Duela lau urte jaio zen M-15 mugimendua "bipartidismotik eta bankuen eta koorporazioen domeinutik aldendutako demokrazia parte-hartzaileagoa sustatzeko xedez". M15M Bizkaia taldearen arabera "benetako botere banaketa" eta sistema demokratikoa "hobetzeko intentzioarekin".
Azken asanbladan erabaki zuen Bizkaiko lantaldeak laugarren urteurrena ospatzeko antolaketari ekitea. Hilaren 11n, bileran elkartu ziren beste talde eta kolektibo batzuekin, "M-15etik irtendakoak edota nolabait mugimendua babestu dutenak". Urteurrena gaur, maiatzaren 15ean bertan ospatzea erabaki zuten, 18:00 eta 21:00 bitartean Arriaga plazan.
Urteurrenean parte hartuko duten kolektiboek informazio mahaiak paratuko dituzte 18:00 eta 19:00 bitartean. Besteak beste, TTIP akordioaren aurka sinadura emateko aukera izango da.
19:00 eta 21:00 bitartean asanbalda irekia egingo dute bi galderaren inguruan hausnartzeko: "M15M etapa amaiera edo beharrizan iraunkorra?" eta "78ko erregimenaren alternatiba bateratua posible al da?". Azkenik, egungo egoeraren gaineko ideia eta arduren trukaketa egingo dute.