Aiaraldea agerkariak dioenez, kalez jantzitako lau Guardia Zibilek atxilotu dute etxeko atarian terrorismoa goratzea eta biktimak iraintzea egotzita. Bere bikoteari esan omen diote, behin deklaratuta, aske utziko dutela. Eta horrela izan da, 12:00ak aldera aske baitzegoen.
Sare sozialetan eta hedibideetan diotenez, beste hainbat pertsona atxilotu dituzte akusazio bera erabiliz eta Guardia Zibilak, ustez, 30 lagun inguru atxilotzea aurreikusten du. Operazioaren lehen fasea 2014ko apirilean jarri zuten martxan, 21 atxiloketarekin; azaroan beste 19 lagun atzeman zituzten bigarren fasean. Badirudi, gaurkoa, 'Armiarma' operazioaren hirugarren fasea izango dela.
Atxiloketa gehiago Euskal Herrian
Kaiet Prieto, Xabier Arruza eta Andeka Jurado ere atxilotu dituzte Bizkaian, lehenegoa Barakaldon, bigarrena Erromon eta Jurado Bagatzan. Bestalde, hiru lagun gehiago atzeman dituzte Gipuzkoan.
Elkarretaratzea
Alfredo Ramirez, Bilbo Zaharreko auzokidearen eta gainontzeko lagunen atxiloketa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute arratsaldeko 20:00etan, "Adierazpen askatasunaren kontrako erasorik ez! Txiolariak askatu!" lelopean, San Antoneko zubian.