Lanuzteak hasi dituzte Calzados La Palmako langileek

uriola.eus 2015ko eka. 11a, 12:00
Argazkia: @ekinezsortu

Joan den martxotik hartzekodunen konkurtsoan dagoen Calzados La Palmako langileek lanuzteak hasi dituzte gaur. Egunero 12:00etatik 13:00etara eta 18:30etatik 19:30etara denda aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte "enpresa ixtea dakarten maniobrak" salatzeko.

Nahiz eta enpresak negozioarekin aurrera jarraitzeko borondatea azaldu duen, ematen dituen urrats guztiak, "nahikoa ez izateaz gain", LAB sindikatuaren arabera, "negozioa likidaziora daramate". Konkurtso administrazio prozesuan sartu denetik ez da merkantzia eskaera bakar bat ere egin eta horrek "ezinezko egiten du dendak normal funtzionatzea".
 
Horrez gain, ez enpresak ez konkurtso administrariak "ez du egungo egoeraren aurrean alternatiba bila daudela adierazten duen proposamenik jarri mahai gainean". Hortaz, LABen aburuz, "argi geratzen ari da, eta hori salatu nahi dugu, negozioa hiltzen uzten ari direla".