Alternatiben Herria bihurtuko dute Bilbo biharko egunean

uriola.eus 2015ko urr. 23a, 09:19

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako partaide diren eragile ugari elkarlanean prestatzen ari den ekimena da Alternatiben Herria izenekoa. Egungo eredu kapitalistaren aurrean alternatibak egon badaudela frogatzea du helburu. Horretarako, Alternatiben Herriko sustatzaileek Bilbon, biharko, urriaren 24rako, larunbata, egitarau oparoa prestatu dute. Bilbon zehar kokatuta egongo diren gune ezberdinetan "bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat posible dela erakutsiko dugu, egun osoan".

"Alternatibak dituen herria, bizirik dagoen herria da". Eta Alternatiben Herria ekimenean elkarlanean ari diren eragileek badituzte alternatibak egungo eredu kapitalistaren aurrean. Horrela dela erakusteko hitzordua ere jarri dute: urriak 24, larunbata, Bilbon.

Helburu horrekin egun beteko egitarau oparoa prestatu dute. Bilboko erdigunea, "herri txiki bat bihurtuta, hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez beteko dugu horretarako". Bilbon zehar egongo diren gune bakoitzean arlo ezberdinetan dituzten alternatibak ezagutzeko aukera egongo da hainbat jardueraren bitartez: hitzaldiak, mahai inguruak, azokak, tailerrak, kale ikuskizunak, jolasak…

"Aldarrikapen eguna" izateaz gain, "ospakizun eguna" ere izango da urriaren 24a. Horregatik, ez dira faltako kale animazioa, jan-edanerako guneak edota musika.

Elkarlanerako deia

Ekimeneko bozeramaileek ekaineko aurkezpenean nabarmendu zutenez, "eraldaketaren bidean denon lana behar-beharrezkoa da. Horregatik elkarlanerako deia egiten diegu ekimen honetan parte hartu nahi duten lagun eta eragile guztiei".

Alternatiben Herria Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak planteatu zuen erronka da. Gauzak honela, azken hilabeteetan eragile ezberdinek egindako elkarlan honek eman duen emaitza da Alternatiben Herria.

Dagoeneko definitu dira egongo diren gune ezberdinetako eduki nagusiak: natura; ekonomia eredua; demokrazia, soberania eta parte hartzea; bizitzaren iraunkortasuna; aniztasuna; eta ondore komuna. "Orain erronka guztion artean gune horiek ahalik eta gehien indartzea da".

Hori dela eta, Alternatiben Herria ekimeneko kideek mezu zuzena bidali diete Euskal Herrian bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat posible dela sinetsita lanean ari diren guztiei: "Urriaren 24an ezinbesteko hitzordua dugu Bilbon. Eraldaketaren bidean denon lana ezinbestekoa da, bai Alternatiben Herria ekimena garatzeko eta bai alternatiban eraikitzen jarraitzeko. Guztion artean lortuko dugu!".

Egitarau osoa hemen!

 

Manifestua: Alternatiben Herrian sistema aldatzera goaz

alternatibenherria.eus

@alterherria