Kaleko hainbat ekintzaren ondorioz, Somera kalea "akustikoki saturatuta" dagoela esanez erantzun dio Bilboko Udalak Gora Somera Elkarteari, eta horrek auzotarrei "enbarazu" egiten diela. Musika darabilten jarduerak "salpuespen gisa" baimentzen dituela argudiatu dute Espazio Publikoaren Erabilerarako Bulegotik.
"Harrituta eta desengainatuta" agertu dira Gora Somera osatzen duten merkatari eta tabernariak Udalaren jarrerarekin. Bai ordutegiagatik -13:30etatik 15:30etara- bai auzotarren inplikazioagatik, SomeraFest "kultur eta jai ospakizun baikorra da, batere kalterik eragiten ez duena".
Elkarteak adierazi du lanean jarraituko duela kultur, arte eta gizarte ekimenak antolatzen eta "gure kaleak denontzat hobetzeko ekintzak bultzatzen".
Baimena jasoko zutelakoan, elkartekideek prest zeuzkaten jada bigarren SomeraFesteko kartelak, musika taldeen kontratazioa, komunikazioa, lantaldeko kideen zereginen antolaketa eta abar.
Larunbaterako lotuta zeuzkaten hiru musika taldeak The Bilus Moon (pop-rock eta soul bertsioak), Dingos & Flamingos (outlaw rock) eta Feiz No Mor (Faith No More gogoan) ziren.