2005etik urtean bitan antolatzen du Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak azoka hau. Irailaren 18 eta 19koa XII. Mauken Merkatua izango da.
11:00etatik 20etara saltoki erraldoi bihurtuko da Alde Zaharra. Merkatari gehienek kalera aterako dituzten arren salgaiak, izango da denda barruan mauka eta pagotxak eskainiko duenik.
Arropa, zapatak, bitxiak, liburuak, musika, altzariak, kosmetika, apaingarriak, osagarriak... mota guztietako produktuak aurkitzeko aukera izango da. Batezbeste prezio erdira erosi ahal izango dira, eta %90era arteko beherapenak ere izango direla adierazi dute elkartekideek. Izan ere, "erosketak egiterako orduan, salneurria erabakigarria den faktorea da", elkarteko bozeramale Xabier Olanoren hitzetan.
Maukek Alde Zaharreko merkatarien bermea dute. Hau da, salgaiak "joan den denboraldian saltokietako erakusleihoetan egon direla" bermatzen dute.