'Itzulpena, bidaia baten itzulera', Anjel Lertxundiren hitzaldia Plaza Berrian

uriola.eus 2016ko mar. 2a, 08:30

Frank Kafkaren 'Metamorfosia' liburua izaten ari da Bilbo Zaharreko Forumak antolatutako aurtengo itzulpengintza jardunaldien protagonista. Gaurkoan, Anjel Lertxundi idazle eta itzultzailea egongo da Bilboko Plaza Berrian, Euskaltzaindiaren egoitzan. Saio guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira.

100 urte bete dira Frank Kafka austriar idazleak 'Metamorfosia' liburua idatzi zuenetik. Horren harira, Bilbo Zaharreko Euskaltegiak itzulpengintza jardunaldiak eskainiko ditu martxoaren 1etik 3ra bitartean Bilboko Plaza Berrian.

Atzo hasitako jardunaldiek Kafkaren liburua euskarara idatzi zuten hiru idazleak batu zituen. Gaur ostera, Anjel Lertxundiren hitzak izango dira protagonista 'itzulpena, bidaia baten itzulera' hiltzaldiarekin. Anjelek 2010ean Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen. Hiru eguneko saioarekin bukatzeko, bihar Joyce eta Proust idazleen liburuak euskaratu zituzten Xabier Olarra, 'Ulises' Joycen liburuaren itzultzailea, eta Joxe Austin Arrieta, Proust idazlearen itzultzailea, ere bertan izango dira. 

Antolatzaileek iragarri bezala, saio guztiak irekiak izango dira Bilboko Plaza Berrian dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan. Hiru egunetako hitzaldiak 19:00etan hasiko dira. 

Metamorfosia-ren itzultzaileak 

Atzoko bilkurak Frank Kafkaren Metamorfosia itzuli duten hiru idazleak batu zituen zita bakar batean. , Xabier Kintana (lehenengo itzultzailea), Rufino Iraola (bigarren itzultzailea) eta Anton Garikano (hirugarren itzultzailea) Bilboko Plaza Berrian bildu ziren hain zuzen. 

Xabier Kintana Bilbon jaio zen 1946an. Franz Kafkaren 'Itxura aldaketa' liburuaren lehen itzultzailea (1970) izan zen. Euskalaria, euskal filologoa, euskal idazlea eta euskaltzaina. 2009an “Academia de Aragonés”ko ohorezko akademiko izendatu zuten. F. Kafka ez ezik, K. Marx, F. Engels, M. Unamuno, J. Uharte Donibanekoa eta A. Camus itzuli ditu euskarara.

Rufino Iraola Zaldibian jaio zen 1945ean. Franz Kafkaren 'Metamorfosia' liburuaren bigarren itzultzailea izan zen, 2000. urtean argitaratu zena. Bere ibilbide literarioa 1994an hasi zen, Irun Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuenean. Bertsolaritzan aditua da, eta bertsoak idatzi ez ezik, bertsoei buruzko iruzkinak ere egiten ditu. Bertso idazle gisa sari asko irabazitakoa da, eta hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratzen ditu bertsoei buruzko bere iruzkinak. Gainera, epaimahaikide izan da bertsolari txapelketa eta lehiaketa askotan.

Anton Garikano Tolosan jaioa zen 1967an. Franz Kafkaren liburuaren hirugarren itzulpena argitaratu du aurten. Hizkuntzalaria da ikasketaz. Euskal Filologia ikasten hasi zen Donostian, baina Ingeles Filologia hautatu zuen gero. Deustun ikasketak burutzen ari zen bitartean ekin zion alemana ikasteari. Ingeleseko irakasle da gaur egun lanbidez. Berak esaten duen bezala, autodidakta da itzulpengintzaren arloan. Hori izan daiteke garai, genero, hizkuntz eta joera hain ezberdinetako obren itzulpenak egitearen arrazoia.

Programa

Martxoak 2: 'Itzulpena, bidaia baten itzulera'

                   Anjel Lertxundi

Martxoak 3: 'Joyce eta Proust ere, euskaraz'

                   Xabier Olarra

                   Joxe Austin Arrieta