Sakabanaketa bizi dutenen aurpegiak ezagutzera emango ditu Etxeratek

uriola.eus 2016ko ots. 25a, 08:37

Etxeratek dispertsio politikaren amaiera lortzeko eta sakabanaketari aurre egiten dieten pertsonen errealitate gogorra ezagutarazteko asmoz, 'Dispertsioaren hegiak' plangintza aurkeztu du. "Egungo kartzela politikak ukitzen dituen bazter eta profil guztiak ikustarazteko" ekimena da jendarteratu dutena.

Plangintzak bi alderdi jorratuko ditu: bata instituzionala eta bestea gizarteari zuzendua. Lehenengoan erakunde, alderdi, sindikatu eta hainbat eragilerekin lan egingo dute Etxeratekoek akordioak lortze aldera. Bigarrengoak, ordea, hitzaldi formatua izango du eta herritarrei zuzendua dago; "politika anker horren erpin ezberdinak aztertuko ditugu, bere hegiak".

Lehenenik haurrak eta dispertsioa izango dituzte hizpide. Dispertsioa bezala ezagutzen den egungo kartzela politika, presoen senide eta lagunengana ere iristen den "bonba hedakor" bat baita: kartzelan dauden euren senideak ikusteko distantzia izugarriak egin behar izateaz gain, euren biziak fisikoki, psikologikoki eta ekonomikoki baldintzatzen ditu.

"Dispertsio politikak, edo hiltzen gaitu edo erasotzen gaitu, bi ahoko arma baita". Sakabanatze politikarekin "kaltea ziurtatua" dagoela salatu dute behin eta berriro Etxeratetik; honek, euskal gizartearen gehiengo zabal bati, eta bere baitan adin, sexu, klase edota ideologia ezberdineko profilei eragiten dielarik; "nahiz eta horrek axola ez duen, urratzen ari direna pertsona bezala dagozkigun eta ukatzen ari zaizkigun giza eskubideak direnean". Presoak bezainbeste hartzaile diren senideen multzo horretan, haurrak eta adin txikikoak daudela gogorarazi dute.

"Umeak eta dispertsioa amildegi batek banandu beharko lituzkeen hitzak dira, baina zoritxarrez, ez da horrela" azaldu dute prentsaurrekoan, eta kilometro asko direla euren kartzelatutako guraso edo senideengatik banantzen dituztenak. 26 urteetan senideen aurka zuzentzen eta haur generazio ezberdinak bizitza osorako kolpatzen daraman salbuespen politika honen hartzaileak ere badira adingabeak euren aburuz.

Azaldu dutenez, ondorio batzuekin edo besteekin, sakabanatze politikak bizitza osorako baldintzatuak utziko dituen haur hauek oso txikitatik egiten dituzte desplazamenduak. Horrelako distantziak egiteko adin nahikoa dutenean hasten dira bidaiatzen, ez adin egokia dutenean. "Euren ikasketak eta garapen psikologikoa baldintzatzen" ari zaien umeak direla argitu dute, presoak dispertsatuta dituzten kartzeletarainoko ibilbide luzeei, ikasketa orduak gehitu behar zaizkielako. Bisiten segidan bidaiari ekin behar diote berriz, garraioa eta bisitak bat egiteko zailtasunengatik klaseetara huts egiten ez badute. Bisita hauen ostean, normala den nekearekin bueltatzen dira klaseetara, eta egindako bideak eragindako neke fisiko eta emozionalaz guztiz osatu gabe. "Ikasketak eragozten dizkie, eta horrekin batera, honi lotuta dagoen nortasunaren eratzea".

"Politika honek giza izaeraren garapena, eta ikasketa eskubideak aldarrikatzen duen oinarrizko askatasunen eta giza eskubideekiko errespetua oztopatzen du. Nola irakats eta eskatu dakieke gero ukatzen ari zaien errespetua?".

Begiratzen den arlotik begiratuta ere, kolektibo hau besteak baino babesgabeago aurkitzen da sakabanatze politikaren aurrean. Euren familia bizitza eskubidea urratzen da, eta horrek eragin zuzena du ikasketa errendimenduan -ikasketa eskubideari eraginez-, garapen fisiko eta psikologikoan -osasun eskubidea- eta adingabekoen babes eskubidean, bere gurasoak ikusteko ordu eta kilometro mordoa egitera bultzatuak baitaude.

Zentzu horretan, duela lau urte Mikel Egibar euskal preso politikoaren semeek eta emazteak izan zuten istripua ekarri dute gogora. Presoa Zueran (zaragoza) bisitatzetik bueltan kamioi baten aurka jo zuten. Egibarren emaztea zein semea kotxetik atera behar izan zituzten suhiltzaileek, eta alaba haur ospitale batera eraman zuten. Hiruak, Aragoiko bi ospitaletan ingresatuak izan ziren.

Hitzaldia

Errealitate hau Bilbon hasiera izango duten hitzaldietan landuko da. Gaur, hilak 25, La Bolsa aretoak mahai-inguru bat hartuko du. Bertan, psikologo batek, hezkuntzako profesional batek eta euren haurtzaroan dispertsioa sufritu duten pertsonek sakabanatzearen ikuspegi ezberdinez hitz egingo dute. Etxeratek gonbidapen zuzena egin die herritarrei gero beste eskualde batzuetara iritsiko den  solasaldira hurbildu daitezen.