Lehengo ostiral eta larunbatean egindako euriak ez zituen merkatariak izutu, eta kalera irten ziren euren 'gangak' eskaintzeko asmoz. Merkatarien azokak iragarri bezala, arrakasta handia izan zuen, milaka bezero jaso baitzituen Alde Zaharrak. Horren ondorioz, ostiral eta larunbat honetarako be merkatu txikiak antolatu dituzte, oraingoan eguraldiak gehiago lagunduko duelakoan.
Stock-en azokak
Bilboko merkatarien elkartea izango da aurtengo 'Stocken azokak'-en koordinatzaile eta kudeatzaileak. Lehengo urteetan ere martxoan eta irailean antolatu dira merkatu txiki hauek hiriko auzoetan. Oraingoan, Alde Zaharreko aurtengo edizioko bigarren azoka gaur eta bihar, martxoak 11 eta 12an izango da.
Bilboko Udalak interesatuta dauden saltokiek, elkarte bateko kide izan ala ez, sektorearen ezinbesteko hitzorduan parte-hartze ireki eta doakoa izatea bermatuko du.
Sektore guztietako merkatariek euren erakusmahaiak, astoak eta salmahaiak aterako dituzte auzoetako karriketara beherapen handiko prezioekin. Aurten, moda eta osagarriak, zapatak, argazkigintza, dekorazioa, etxeko gauzak, barruko arropa, opariak, artisautza, bisuteria eta bitxiak, larruak eta ehunak, kirola, liburuak, musika, altzariak, kosmetika eta mendia, besteak beste aurkitu ahal izango dira azoka txikietan.
Bi helburu azpimarratu ditu merkatarien elkarteak: alde batetik, merkataritza- jarduera suspertu eta bestetik, establezimenduetako stockak saldu. Aldi berean, merkataritzaren sektorea indartzeko aukera eskainiko du zitak, garapenerako eta jarduera zein enplegua sortzeko gakoa dena.