Arrazakeria eta xenofobiaren kontra, gaur manifestazioa Arriagan

uriola.eus 2016ko mar. 21a, 10:25

Urtero bezala, SOS Arrazakeria plataformak manifestazioarako deia egin du gaurko, xenofobia eta arrazakeriaren kontrako eguna dela eta. 19:30ean hasiko da mobilizazioa Arriaga plazan.

Hainbat eragile eta elkartek euren atxikipena eman dute plataformak "Pertsona izateko baimen beharrik ez! Por la igualdad de derechos y la libertad de movimiento" lelopean antolaturiko manifestazioan.

Badira 24 urte SOS Arrazakeriak Europar Batasunaren mugimendu migratzaileen izaera politiko, juridiko eta administratiboa salatzen duela. Plataformak adierazi duen bezala, "EBren logika arrazista era aukeratu batean eskaintzen dizkio eskubideak pertsona zehatzei, migratzailearen jaiterriaren arabera". Honekin batera, kolektiboak Turkiak eta Europar Batasunak sinatutako hitzarmena salatu nahi izan du. Hitzarmenean, Europar Batasunera legez kanpo sartzen diren errefuxiatu guztiak Turkiara bidaliko dituztela adierazten da.

 

Bilboko Udalak ere adierazpen bat kaleratu zuen lehengo ostiralean, Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek Turkiarekin Europar Batasunera iritsitako migratzaile guztiak Turkiara itzularaztea adostu dutela "arbuiatuz", Oinarrizko Eskubideen Kartan gorpuzten diren Batasunaren baloreen kontrakoa izateaz gain, europar eta nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa delako. Bestalde, UdalakEuropar Batasunaren Gobernuari eta Estatu kideei eskatu die nazioarteko babes zuzenbidea edo Europar Batasunak giza eskubideei buruz izenpetu dituen "nazioarteko hitzarmenak errespetatuko ez duen akordio, itun edo hitzarmen oro erretiratzea".